Legorretako Elkartasun Azoka hilaren 14an izango da
Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundearen lana ezagutzeko eta diruz laguntzeko helburua izango dute aurten Legorretan. Material bilketa egingo dute abenduaren 12ra arte. Bihar, dokumental-solasaldia antolatu dute.
Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundearen lana ezagutzeko eta diruz laguntzeko helburua izango du aurtengo Legorretako Elkartasun Azokak. Abenduaren 14an izango da azoka, 12:00etatik 14:00etara, pilotalekuan. Abenduaren 12ra bitartean, azokan saltzeko materiala bilduko dute kultur etxean eta udaletxean.
Calcuta Ondoan Gobernuz Kanpoko Erakundea 1999an sortutako Gipuzkoako irabazteko asmorik gabeko erakunde bat da, onura publikorako aitortua. Calcuta Ondoan-ek laguntza humanitario eta garapenerako proiektuen alde egiten du lan Indiako pertsona eta taldeen sustapen integralerako, «betiere gizaki eta herri moduan duten nortasuna eta erlijioa errespetatuz eta giza eskubideak eta genero-berdintasuna bermatuz».
Era berean, beste helburu bat ere badu: «Gure tokiko eremuan kontzientzia kritikoa eta konpromisoa sortzen dugu bazterketa, injustizia eta hegoaldeko herrialdeen pobretze egoeren zergati, ondorio eta erantzunkidetasunaren inguruan».
Dokumentala, bihar
Era horretan, Calcuta Ondoan lana ezagutzeko beste bi jarduera ere egingo dituzte aste honetan. Bihar, abenduaren 9an, 18:00etan, udaletxean, dokumentala eta solasaldia izango dituzte.
Eta etzi, abenduaren 10ean, Ugaro herri eskolan, Zer nahi dut Indiako haur eta nerabeentzat? gaiaren inguruko lanketa egingo dute ikasleekin.













