Gabon irudiak marraztera gonbidatu dituzte Legazpiko haurrak
Arkatza elkarteak urteroko lehiaketa antolatu du. Igandean, abenduaren 14an izango da, 10:00etan, Kultur Etxean. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago.
Iazko lehiaketako saridunak Arkatzako eta udaleko ordezkariekin. Legazpiko Arkatza elkarteak antolatu du aurten ere Gabon irudien marrazki lehiaketa, udalaren laguntzarekin. Igandean izango da, abenduak 14, eta ohi bezala, herriko Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta egongo da. Margolari gazteek 10:00etan izango dute hitzordua, Kultur Etxeko marrazketa geletan, eta 13:00etarako bukatu beharko dute lana.
Lehiaketa sei kategoriatan egongo da banatuta, Lehen Hezkuntzako mailako bana. Egin beharreko lanen gaia Gabonak izango da maila guztietako partaideentzat.
Arkatza, arkatz margoak edo arkatz ziriak erabili ahal izango dituzte marrazkiak egiteko, bestelako apaingarriekin batera, hala nahi izanez gero: kotoia, brillantina…. Debekatuta egongo da erregela erabiltzea. Antolatzaileek orriak eta azpiko euskarriak jarrik dituzte, eta gainerako materiala partaideek eramango beharko dute. ekarri beharko dituzte lanerako tresnak.
Epai mahaia Arkatza elkarteko kideek osatuko dute. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 16an, asteartea, egingo dute Kultur Etxeko areto nagusian, 19:00etan. Irabazleen lanak ikusgai egongo dira ondoko erakusketa gelan, Gabonak iraun bitartean.
Iaz, 29 partaide
Ibilbide luzeko lehiaketa da hau Legazpin. Iaz abenduaren 19an egin zen, eta guztira 29 partaide izan zituen. Hauek izan ziren irabazleak: LH2 mailan, Garazi Manso, LH3an Maide Miranda, LH4an Lola Conforti, LH5ean Unai Izagirre eta LH6an Alaitz Rajado. LH1eko saria hutsik geratu zen, ez zelako maila horretako partaiderik izan. Antolakuntzak partaide guztien artean zozkatu zuen sari hori, eta LH4ko Ibon Huertarentzat izan zen.












