Lapurtu egin dute Udanako jaiotza
Azken urteetan bezala, Jose Luis Arzuagak jarri zuen abenduko zubia hastearekin. Igande goizerako desagertuta zeuden San Joseren, amabirjinaren eta Jesusen figurak.
Udanako jaiotza, larunbatean, Arzuagak amaitu berritan. Triste eta haserre dago Jose Luis Arzuaga legazpiarra, Udanako mendateko bihurgune batean hainbeste mimoz jarritako jaiotzaren figurak lapurtu dizkiotelako. Azken urteetan bezala, abenduko zubirako prestatu zuen muntaketa, Udanatik gora eta behera dabiltzan gidariekin Gabon izpiritua partekatzeko asmoz. Larunbatean amaitu zuen guztia, eta igande goizerako desagertuta zeuden San Joseren, amabirjinaren eta Jesusen figurak.
Aurten ahalegin berezia egina zuen amabirjinaren figurarekin, aurreko urteetako txiki geratzen zela iritzita. “Amabirjina aldatuta, gusturago geratu nintzen”, azaldu du legazpiarrak. Baina alperrik, lapurtu egin diotelako guztia, eta “ez dakit etxera eramateko, edo bazter batean botatzeko kendu duten”.
Ez da lehen aldia Udanako jaiotza desagertzen dela. Duela urte batzuk ere kendu zuten, eta orduan figurak berriz egin eta jarri zuen jaiotza berria. Aurten ere asmo horretan dabil.












