Sustraiak eta Goiz Deia itzuli dira Tenerifetik
Legazpiko dantzariak eta txistulariak kanariar irla horretan izan dira, han bizi den Rogelio Botanz kantari legazpiarrak gonbidatuta. Irlako dantzak eta folklorea ezagutzeko aukera izan dute, eta hemengoak erakutsi dituzte. Dantza taldearen 50. urteurrenaren ospakizuna itxi du irteerak.
Sustraiak eta Goiz Deiako kideak, Tegueste herrian egindako emanaldiaren ondoren, hango ordezkariekin eta dantzariekin. Rogelio Botanz ere bertan izan zen; zutik, ezkerretik bigarrena da. Sustraiak dantza taldea Sustraiak dantza taldea eta Goiz Deia txistulari banda itzuli dira Kanariar irletatik. Asteburu osoa igaro dute Tenerifen, han bizi den Rogelio Botanz kantari legazpiarrak egindako gonbidapenari erantzunez. Hemengo dantzak, musika eta folklorea erakusteko aukera izan dute Legazpiko dantzariek eta txistulariek.
Ostiralean abiatu ziren Tenerife aldera legazpiarrak, 30 kidetik gorako taldea osatuta. Rogelio Botanz zuten han zain. Duela 25 urte ere luzatu zien gonbidapena, dantza taldearen 25. urteurrenaren aitzakian, baina orduan ezin izan zuten joan. Aurten bai, erantzun diote deiari, eta 50. urteurrenaren ospakizunetan sartu dute irteera. “Urte berezi honi amaiera borobila” jarri diola esan dute dantzariek.
Bi dantza emanaldi
La Matanza de Acentejo herrian egin dute egonaldia, eta bertako dantza taldearekin ere izan dugu hartu-emana. El baile del niño dantza irakatsi diete, urtean behin, Gabonetan egiten dutena. Kanarietako taldeko kideek dantzaren historia azaldu zieten, eta herrian abenduaren 6an egindako emanaldian haiekin dantzatu zuten, herriko plazan, bertako herritarren aurrean.
Dantza horri buruzko historiaz gain, beste tradizio batzuk ezagutzeko aukera ere izan dute legazpiarrek, Rogelio Botanzek eskutik: “Irlako tradizioak eta historia guri azaltzeko berebiziko lana egin du, baita Tenerifeko txoko batzuk erakusteko ere. Gomera irlako silboari buruzko erakustaldi aparta eskaini zigun, bere ikasle izandako kide batekin”.
Bigarren emanaldi bat ere egin zuten, Tegueste herrian, igandean. Udal agintariek harrera egin zieten han lehenik, eta gero kanariar borroka egiten den pabiloia bisitatu zuten. “Oso kirol hedatua da Tenerifen, eta gaur egun arte izan duen bilakaera ezagutu genuen, herriko klubeko kideen eskutik. Borrokalari baten testigantza ere jaso genuen”. Dantza saioa Teguesteko plazan izan zen, makina bat ikusle bilduta. “Jendeari izugarri gustatu zitzaizkion gure dantzak”. Herrian ezaguna den dantza bat ikusteko aukera ere izan duten, La danza de las flores. La Lagunara egindako bisitak itxi zuen bigarren eguna.
Atzo izan zuten azken eguna, eta goizean goiz jaikita, Teidera egin zuten bisita, bueltako hegazkina hartu aurretik. Horrela itxi zuten lau eguneko egonaldia. “Gelditu gabe ibili garen lau egun izan dira, baina oso pozik itzuli gara”.
Etxean dagoeneko, Legazpiko dantzariek eta txistulariek eskerrak eman nahi dizkiete bai Rogelio Botanzi, baita bere familiari ere, “taldeari egindako harrera goxoagatik, eta euren etxeko ateak parez pare irekitzeagatik. Tenerife eguraldi ona eta hondartzak dituen irla bat baino gehiago dela ikusi dugu, tradizioz beteta baitago”.












