Ariketa fisikoa bultzatzeko helburua duen egutegia kaleratu du Legazpiko Udalak
Herrian burutzen diren hamabi kirol jarduera jaso ditu bertan, horien artean abuztuari eskainitako KOI Koordinazioa, Oreka eta Indarra zerbitzuari. Hilero lehiaketa bat izango da, 50 euroko sariarekin.
«Gorputza mugitu, burua argitu» da Legazpiko Udalak hurrengo urterako prestatu duen egutegiaren leloa. Jarduera fisikoari eskainitako hamabi argazkiz osatuta, eta azken urteetan ohiko bihurtu diren beste hainbeste lehiaketez lagunduta, bihar hasiko dira banatzen herriko etxe eta baserri guztietan. Udaletxean bertan ere egongo da eskuragarri.
Egutegi berria gaur eguerdian aurkeztu du Miryam Galilea zinegotziak, abuztuko protagonistekin batera. Hilabete hori, kiroldegian egiten duten KOI Koordinazioa, Oreka eta Indarra jarduerari eskainita dago, eta Mikel Aramendia irakaslea eta Antonio Esteban eta Clara Luz Enrique erabiltzaileak ere izan dira aurkezpenean, egutegiak aldarrikatzen duen ariketa fisikoaren garrantziaz hitz egiteko.
Argazkiak eta lehiaketak
Galileak aldarrikapen hori berretsi du, esanez «jarduera fisikoak osasun fisiko eta mentalean duen garrantzia» azpimarratzea dela egutegiaren helburua, «herrian egiten den lan zabala» balioan jartzearekin batera. Horretarako, egutegirako hamabi jarduera fisiko hautatu dituzte, urteko hilabete bakoitzari lotuta, «herritarren parte hartzea eta ohitura osasungarriak sustatzeko asmoz».
Hauek dira egutegian jaso dituzten jarduerak: Tipi Tapa, haurren bizikleta festa, Korosti Trail, Zuhaitz bat babestu ekimena, jolasak familian, Andraitz-La Salle-Ilintxa eguna, haur txikientzako igeriketa, KOI jarduera, judoa eta arte martzialak, dantza, adinduentzako gimnasia, eta lasaitasuna. Jarduera bakoitza aurtengo urtean zehar Gorka Gomez eta Josu Altzelai argazkilariek eta udal teknikariek egindako argazkiarekin lagunduta doa.
Eta jarduera eta argazki bakoitza lehiaketa batekin lotuta dago. Azken urteetan bezala, herriko merkataritzan edo ostalaritzan gastatzeko 50 euroko saria banatuko du udalak hilero lehiaketa horren bidez. Hilabete bakoitzean agertzen den testuan gordetako hitza asmatzea izango da egin beharrekoa. Sariak zozketa bidez erabakiko dira.
KOI jarduera
Datorren urteko egutegiaren aurkezpenean, abuztuan jasotako jarduera nabarmendu dute. Ariketa fisikoa bultzatzeko Aktibatu Legazpi programaren barruan kiroldegian eskaintzen den KOI jarduera da, Koordinazioa, Oreka eta Indarra. Irakaslea Mikel Aramendia da, kirol orientazio zerbitzuko arduraduna. Gaur gogoratu du doako zerbitzu bat dela hori, eta «herritarrei bizitza estilo aktibo bat lortzen laguntzea» duela helburu.
Zerbitzu hori legazpiar guztiei zuzenduta dago, eta orientazio pertsonalizatua eskaintzen du bertan. Clara Luz Enriquek bertara jo zuen Osasun Zentrotik deribatuta, eta kiroldegian ostegun goizetan eskaintzen den KOI jarduera egiteko gomendioa eman zion Aramendiak, bere premiak aztertu ondoren. Handik gutxira hasi zen Antonio Esteban bere senarra ere. Bi erabiltzaileak «oso gustura» daude jarduera horrekin, «ariketen ondorioz, egunetik egunera hobetzen dugulako mugikortasuna».
Aramendiak iragarri du urtarrilean proiektu berri gehiago jarriko dituztela martxan, besteak beste emakumeekin eta haur eta nerabeekin.















