Behi gazta bat gehiago Ordiziako ferian erosteko
Uliako Labea gazta egiten hasi da. Alacanteko laranjak ere badituzte salgai, eta Aizpuruk, errezil sagar ederrak aurkeztu ditu Gabonei begira.
Uliako Labea komunitate donostiarreko kideak, ogiaz gain, gazta egiten ere hasi dira. Behiak jarri dituzte Orioko Muniota baserrian, eta gazta egin dute aurten lehen aldiz. Gaur aurkeztu dute Ordiziako ferian, Muniota izenarekin. Gazta erdi ondua da, behi esne pasteurizatuarekin egindakoa, eta kiloa 22 euroan dute salgai. Laster ahuntz gazta ere izango dutela aurreratu dute postuko arduradunek.
Produktu berri bat gehiago ere aurkeztu dute gaur, laranja. Beste urteetan baino beranduago aurten, baina hemen dute, Alacanteko Orihuela herrian duten komunitatetik zuzenean ekarrita. Kiloa 2,20 euroan dute, iazko prezio berean.
Fruta gehiago ere izan da gaurko ferian produktu aipagarrien artean, errezil sagarra, hain zuzen. Ez dira berriak sagar hauek, baina gaur Errezilgo Simon Aizpuruk salgai jarritakoek merezi dute aipamen berezia, bere tamaina eta edertasunagatik. Aurtengo uztako sagarrik onenak aukeratu dituzte Mugarrieta baserrian Gabonei begira, «jendeak aurretik erosi ditzan konpota egiteko, edo erreta jateko». Errezil sagarrak opari polita izan daitezkeela ere esan du Aizpuruk. Sagar aparta hauen kiloa 5 euroan zuen salgai. Ordizian bakarrik ez, Gabonen inguruan egingo diren feria berezietan ere izango dituzte salgai, larunbateko Santa Lutzikoan, adibidez.
Loreen atala ere Gabonei begira dago, eta pazko loreez gain, data horiekin lotzen den gorostia ere erosi daiteke ferian. Iñaki Azanzak zituen, txiki-txikiak eta dotore-dotoreak, landare bakoitza 5,5 euroan.
Udakoak oraindik
Gabonak gainean daudela agerian dago ferian, hainbat produktu daudelako aukeran egun horietarako, baina udako batzuk irauten dute oraindik hainbat postutan. Hala, Mendarte baserriko Iñaki Intxaustirenean leka gorriak (kiloa 9 euroan), eta alberjiniak (kiloa 4,5 euro) zituzten salgai. Bidaniko Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanasek, berriz, etxean ekoitzitako pikilo piper berde eta gorriak eta ondoko baserrian jasotako marconi piper horiak zituen aukeran, gozoak guztiak, kiloa 6 euroan.
Perretxikoak, azkenik, gutxi zeuden: 10 kilo niskako Lasarenean, 28 euroan kiloa.
Irungo bisitariak
Bisitariek atalak ere izan du gaur protagonistarik. Irungo Txingudi institutuko DBH3ko 55 ikasle izan dira gaur bisitan Ordiziako ferian, D’elikatuz zentrok gidariek lagunduta. Ez dute eguraldi onik izan, euria egin duelako goiz osoan, baina Plaza Nagusiak aterpe bikaina eskaini die postuz postu galderak egiten eta produktuak erosten ibiltzeko.














