Txorroneako Olentzerok Gabonen gertutasuna dakar gogora Legazpin
Floren Gutierrezek bete du aurten ere azken urteetako ohitura, eta Txorroneako baserriko balkoian jarri du Olentzero, estalpe batez babestuta. Ilintiko bazkideek ere apaindu dituzte dendak. Jose Luis Arzuagak bihar-etzi jarriko du jaiotza berria Udanan.
Gabon ikurrak ageri-agerikoak dira Legazpin. Joan den astean piztu zituzten ohiko argiak, eta asteburuan zehar Olentzeroren panpina jarri du Floren Gutierrezek Txorronea baserriko balkoian, azken urteetako ohiturari jarraituz.
Ilinti merkatari elkarteak ere ipini du bere alea, eta bolekin apaindutako izeiak daude jarrita dendetako sarreretan. Denda gehienek, izan Ilintikoak edo ez, apainduta dituzte dagoeneko erakusleihoak, tamaina handiko beste Olentzero panpina bat jarri duen Apatxo liburu dendak bezala. Merkatari batzuek, gainera, parte hartuko dute udalak antolatutako Gabonetako lehiaketan.
Bestetik, Udanako jaiotza osatze lanetan ari da egun hauetan Jose Luis Arzuaga, Oñati eta Legazpi lotzen dituen mendatearen ertz batean jarritako figurak lapurtuak izan ondoren. Bihar-etzi bukatuko omen du jaiotza berria jartzen.
Zeinuak argiak dira. Gabonak bertan dira.














