Legazpiko Berdeak taldeak 2026ko aurrekontuetan udal etxebizitzentzako baliabideak sartzea eskatu du
Datorren urterako aurrekontuak prestatzen hasita daude Legazpiko Udalean, eta Legazpiko Berdeak + Independenteak taldeak diru kontu berri horiei begira proposamen bat aurkeztu du, etxebizitzaren alorrerako. Zehazki, udal etxebizitzak sortzeko baliabideak aurreikustea proposatu du.
Proposamen horren barruan, udal etxebizitzak erosteko, birgaitzeko eta sustatzeko 400.000 euroko partida ezartzea eskatzen du lehenik. Bestetik, Brinkola-Telleriarteko Maisuen Etxearen enkantetik ateratako 65.100 euroak osorik funtsa batean sartzea nahi du, etxebizitzen udal parkea handitzeko. Eta hirugarrenik, ondoan dagoen aterpetxe zaharra berriz erosteko eta berreskuratzeko eskatu du, eta horri hainbat irtenbide hauetakoren bat emateko: etxebizitza publikoa, cohousing edo partekatutako etxebizitza, gazteentzako alokairuzko etxebizitza, edo larrialdi sozialerako etxebizitza. Modu horretara, udalerriarentzako ondare erabilgarria izaten jarraituko luke eraikinak.
Arrazoien azalpena
Berdeak + Independenteak taldeak etxebizitzaren alorrerako egindako proposamena, honela arrazoitu du:
“Gipuzkoan, etxebizitzen alokairuaren krisialdia areagotzen ari da, eta geroz eta udal gehiago dira (88tik 54) OHZn gainkargak jartzen edo bestelako neurri fiskalak hartzen dituztenak etxebizitzak mugitzeko eta etxebizitzen parkea indartzeko.
Testuinguru honetan, gure udalak aurten kendu egin du hutsik dauden etxebizitzei OHZn aplikatzen zitzaien %50eko gainkarga. Horren ordez, Bizigune programara atxikitzen ziren etxebizittzei %99ko hobaria ezarri zien OHZn. Hiru etxebizitza bakarrik sartu dira programa horretan, hau da, ia ezer ere ez kontuan hartzen bada gaur egun Legazpin hutsik dauden etxebizitzak 399 direla.
Gainera, gaur egungo gobernu taldeak muzin egin zion etxebizitza hutsei erkidego mailan araututa dagoen metro karratuko kanona aplikatzeari, Berdeak taldetik behin baino gehiagotan proposatu dugun arren.
Ezaguna da Legazpin etxebizitza bat erosteko edo alokatzeko herritar askok duten arazo larria, baina gobernu taldeak borondaterik, ekimenik eta imajinaziorik ez du epe laburrean udal etxebizitzen parkea handitzeko eta ahalik eta azkarren jabego pribatuko etxebizitzak alokairuaren merkatura ateratzeko.
Eskura dituzten tresna fiskalak erabiltzeari uko egiteaz gain, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko ia asmorik ez duten ondarearen kudeaketa egiten dute. 2024an 400.000 € erabili zituzten ur txorroten parke bat egiteko, eta hura ulertezina eta itzulpen sozial gutxiko inbertsioa izan zen, gaur bizi digun larrialdi habitazionala eta klimatikoa kontuan hartuta.
Aurten, 65.100 euroan saldu zituzten enkantean etxebizitza publikorako potentzial handia zuen Maisuen Etxea, solairuko 235 metro karratu zituena eta ondoan 665 m2ko lursaila. Ondare komun bezala zuen balio estregikotik beherako prezioa zen hori, baita tasatze preziotik beherakoa ere.
Udalerrian badago beste eraikin bat, arreta eskatzen duena. Brinkolako aterpetxeaz ari gara, gaur egin Lenbur Fundazioaren jabegokoa dena.
Abandonu egoeran dago, eta Maisuen Etxeak izandako destino bera izateko arriskuan. Horrela, aukera paregabea galduko litzateke etxebizitza publikorako edo ekipamendu sozialerako erabiltzeko. Eraikin hori berriz erosteak aukera emango luke udal ondarea berreskuratzeko, erabiltzen ez den eraikinari helburu soziala emateko eta etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko.
Une honetan, Gipuzkoako udalerriak indartzen ari dira haien etxebizitza politikak, eta udal honek anbizioarekin, ardurarekin eta etorkizun ikuspegiarekin jokatu behar du. Utdal politikaren lehentasunezko ardatza da etxebizitza, eta modu koherentean eta soziali arduratsuan erabili behar diren baliabideak, eraikinak eta tresna arautzaileak ditugu”.













