Burrunbazaleen eguna, abenduaren 27an
Ordiziako txarangak herriko musikariak elkartuko ditu abenduaren 27ko Burrunbazale egunean. 2026an 20 urte beteko ditu txarangak.
Ordiziako Burrunbazale txarangak 20 urte beteko ditu 2026ko martxoan.Burrunbazale. 2006ko martxoan, Ordizian bertan, estreinatu zen Burrunbazale txaranga. Ordiziako hainbat musikariren ekimenez sortu zuten Ordiziako lehenengo txaranga. Eta urte amaierarekin batera, “sorrerako urte hartan ez, eta ezta pandemia-urteetako batean ere, baina gainerako urte guztietan”, Burrunbazale Eguna antolatzen dute helburu batekin: “Inoiz txarangako partaide izandako guztiak elkartzea, musikari ohi nahiz egungoak”.
Aurten, abenduaren 27an izango da 18. bilkura: “Uneotan, txarangaren ‘fundatzaileetatik’ 2k baino ez dute jarraitzen, baina aurtengo Burrunbazale Egunak sortzaileetako gehienak elkartuko ditu beste behin”.
Kalejira irekia
Egun osoko egitaraua antolatu dute abenduaren 27rako. Kalejira irekia egingo dute eguerdian, “musika-tresna bat jotzen dakien edonor izan liteke partaide. Haurrak, gazteak eta helduak daude deituta kalejira horretan Burrunbazalekoekin batzera”. Pieza errazak joko dituztela aurreratu dute, “edonorentzat modukoak”. Umeen kasuan, jostailuzko musika-tresnak ere erabili ahalko dira. “Eta, txaranga-formazioarekin uztartzen zailak izan litezkeen instrumentuen kasuan –trikitia edo txistua kasu–, bestelako moldaketak egiteko prest” direla esan dute. Izan ere, azken batean, ekitaldiaren helburua “musikaren aitzakian elkartu eta ongi pasatzea” baita.
Bi elkartzeko puntu eta hitzordu jarri dituzte: 12:00etan Leizea tabernan eta 12:30ean Altamira auzoan. “Musika-tresnarik jotzen ez dakitenek ere, posible izango dute taldera batzea; kasu horretan, Leizeako hitzordura agertu beharko dute eta perkusio-tresna bana eskainiko diete interesatuei txarangakideek”.
Altamiran guztiak elkartu eta han jota, kalejira irekia Altamiratik Majori kiroldegiraino joango da. Majori polikiroldegian egitekoa den Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna bukatu eta berehala, 13:30 aldera, kalejiran abiatuko dira guztiak herrigunera. Amaieran, mokadutxoa egingo dute kalejira irekian parte hartu dutenekin.
Kalejira nahasia
Burrunbazale ohiak eta gaur egungoek, bazkaria egingo dute Tximista sagardotegian. Eta arratsaldean, herrigunean jarraituko du festak, kalejira nahasiarekin.
20. urteurrena
Herriz herri eta kalez kale musika festa giroa zabaltzen aritzen da Burrunbazale txaranga. Aurten ere, Abaltzisketan, Arrasaten, Azkainen, Donostian, Eskoriatzan, Katalunian, Lazkaon, Seguran, Tolosan, Usurbilen… ibili dira, eta musika urtea, Ordizian bertan amaituko dute, abenduaren 24ko Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera girotzen.
2026ko martxora begira ere badaude, 20. urteurrena beteko baitute. “Efemeridea ospatzeko, txarangaren lehenengo jendaurreko aktuazioa izan zen hilabete berean, martxoan, ekintza berezia “egitera doaz Burrunbazalekoak: 2026ko martxoaren 13-15eko asteburuan Tramuntanya Bandas Festival – La Feria des Neiges izeneko banda-jaialdian hartuko dute parte Frantzian. Les Anglesen bederatzi musika-banda elkartuko dira nor baino nor; Frantzia osotik iritsitako 8 eta Ordiziako Burrunbazale.













