Gabon bezperako egunetan, lau kontzertu Legazpin
Doinua Musika eskolako ikasleek asteazkenean egingo dute urteroko emanaldia Latxartegin. Larunbat eguerdian Goiz Deia txistulari bandak kalean joko du, eta arratsaldean, Alaitasuna errondailak Gizarte Zentroan. Igande iluntzean, musika bandaren eta Santikutz eta Doinuako abesbatzen txanda izango da.
Bandaren eta abesbatzaren iazko Gabonetako kontzertua. Tere Madinabeitia Gabon aurreko egunak oso intentsuak izango dira Legazpin musikari dagokionez, herriko hainbat taldek data hauetako ohiko kontzertuak egingo dituztelako.
Bihar bertan hasiko dira Gabonei begirako emanaldiak, eta Doinua musika eskolako ikasleek kontzertua egingo dute. Latxartegi aretoan izango da, 18:00etan.
Larunbatean, Goiz Deia txistulari bandak kalean egingo du kontzertua. 12:00etan izango da hitzordua, Kale Nagusian. Arratsaldean, berriz, eta, Buztintegi elkarteak antolatuta, Alaitasuna errondailak emanaldia egingo du Gizarte Zentroko tabernan, 19:00etan. Kontzertu honetara herritar guztiak daude gonbidatuta.
Igandean, Legazpi Musika Bandaren eta Santikutz Abesbatzaren txanda izango da. Aurten, Doinua Musika Eskolako abesbatzen parte hartzearekin, Parrokian egingo dute Gabonetako kontzertua, 19:00etan.
Aurrerago, Goiz Deia bandako txistulariek kalejira berezia egingo dute abenduaren 25ean, 10:00etan hasita.
Amaitzeko, Santikutz abesbatzak Gabon kantu-jira egingo du abenduaren 26an, 19:00etan.













