Goierritik Bilbora, euskararen pizkunde berriaren ekitaldira
Abenduaren 27an, Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Pizkundea’ ekitaldia antolatu du. Autobusak egongo dira Beasain, Ordizia, Lazkao eta Urretxu-Zumarragatik. Bihar Beasainen, Kontseiluko Idurre Eskisabelek hitzaldia du.
Lazkaoko Maizpide barnetegi-euskaltegia argiztatu zuten ostegunean.Maizpide. Euskalgintzaren Kontseiluak, abenduaren 27an, 17:00etan, Pizkundea ekitaldia antolatu du Bilbao Arenan, «euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldi bat egiteko», Kontseiluaren esanetan, «euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoaren aurrean, zain gelditu baino, ekimen eta ilusio berrituak» sortzeko. «Etsipenean jausi beharrean, euskaraz bizi nahi dugula adierazi, elkarrekin arnasa hartu, eta euskarari etorkizuna emateko prest gaudela erakusteko».
Era berean, euskal jendarte osoari mezu argi bat helarazteko ere bada ekitaldia: «Euskara guztion ardura dela. Egiturazko minorizazioan dagoen euskararen normalizazioa eta biziberritzea guztion ardura da, gizarte berdintasunarekin, justiziarekin eta askatasunarekin lotutako beste auzi asko bezala».
Horrekin batera, «hizkuntza politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendo bat» ere bultzatu nahi dute. «Eragile instituzional, politiko, ekonomiko, kultural eta sozial guztiei, bakoitzaren erantzukizun eta erabakimenaren arabera, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta erabilera normalerako baldintzen alde egin dezatela eskatzeko».
Autobusak Goierritik
Ekitaldi politiko-kulturala izango dela aurreratu dute antolatzaileek, «hitzartze aldarrikatzaileak eta musika uztartuko dituena». Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte Goierritik. Beasaingo Aittu eta Ordiziako Hitzaro euskara elkarteek elkarrekin antolatu dute. Beasainen erroldatukoek eta Hitzaroko bazkideek 5 euroan izango dute autobusa. Gainerakoek 10 euroan. Autobusean eserlekua erreserbatzeko 672 286 847 telefonora Whatsappa idatzi behar da.
Lazkaon, Gerriko Kultur Elkarteak, Lazkaoko Ikastolak eta Maizpide euskaltegiak elkarlanean, autobusa antolatu dute ekitaldira joateko. Izena eman behar da lotura honetan: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSdU-G_lpbmwgtZmusjE6xwpA00iL_3z1ocyYSs6_ctOsosCZg/viewform.
Urretxu-Zumarragako Zintzo-Mintzo elkarteak ere autobusa antolatu du. Lekua erreserbatzeko 679 494 289 telefonora deitu edo idatzi behar da. Autobusa 15:00etan aterako da Zumarragako geltokitik eta doan izango da.
Dena den, ekitaldirako sarrera norberak erosi beharko du pizkundea.eus webgunean, 10 euroan.
Bihar, hitzaldia Beasainen
Gai horren harira, bihar, 18:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian hitzaldia egingo du Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia den Idurre Eskisabel beasaindarrak. Larrialditik indarraldira, Euskarari pizkunde berri bat emateko gaia izango du hizpide.
Maizpide argiztatu dute
Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileen artean dago Lazkaoko Maizpide barnetegi-euskaltegia, eta abenduaren 27ko ekitaldirako deia egiteko, ostegunean, Maizpide argiztatu zuten. «Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta abenduaren 27an hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon. Ostegunean, mintzalagun afariaren aitzakian, Maizpide argiztatu genuen egun horretarako deialdia egiteko. Data garrantzitsua izango da euskaltzale guztiontzat. Pizkunde berri baten premia irudikatzeko momentu sinboliko eta garrantzitsua, eta etorriko diren beste mobilizazio batzuen abiapuntua. Biltzeko garaia da. Elkarrekin arnasa hartzekoa».













