Legazpiko industria ondarean egindako esku hartzeak, ikerketa batean bilduta
Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Teoria eta Diseinuko Masterreko partaideek egindako lana da, eta ostegunean aurkeztuko dute, 12:00etan, Txillida Lantokian. Aurkezpena herritar guztiei zuzenduta dago.
Ikerketaren saioetako bat, Txillida Lantokian.Tere Madinabeitia Azken asteetan Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Teoria eta Diseinuko Masterreko partaideek Legazpin egindako lana aurkeztuko dute ostegunean, herri guztiari irekitako ekitaldi batean. Aurkezpena 12:00etan izango da, Txillida Lantokian, eta aurreratu dutenez, oso bisuala eta parte hartzailea izango da, performance gisakoa.
Legazpiko Udalarekin eta Lenburrekin lankidetzan egindako lana da, eta herriko industria ondareko hainbat esku hartze arkitektoniko jorratu dituzte bertan. Bordelen (Frantzia) estudioa duen eskoziar jatorriko Duncan Lewis arkitekto ezagunak eraman du lan horien zuzendaritza.
Gaur egungo Legazpiren eraketan industriak duen garrantzia aztertu dute, eta etorkizunerako proposamenak egin dituzte. Askotariko proposamenak dira, hala nola, zenbait nabetan etxebizitza erabilera txertatzea, edo nabe horietako espazioak berrantolatzea. Horiek ezagutzeko aukera izango da etziko ekitaldian, ikerlariek gizarte osoarekin partekatu nahi dutelako egindako lana.













