Merkatu Txikia eta Martin Pipas, Haztegi ikastolak legazpiarrei larunbaterako egindako proposamenak
Egun osoko festa izango da, eta Latxartegi parkean ospatuko da, ikastola ondoan. Goizean merkatu txikia egingo da, era askotako jardueraz eta musikaz lagunduta, eta arratsaldean Martin Pipasek Olentzerorentzako gutunak jasoko ditu.
Gabon giroan murgilduko da Legazpi asteburu honetan, Haztegi ikastolak jai esanguratsu horien atarian urtero antolatzen duen festarekin. Larunbatean Merkatu Txikia eta Martin Pipasen ekitaldia izango dira.
Larunbateko festa Latxartegi parkean izango da, ikastola ondoan. Merkatu Txikia 11:30ean irekiko da, eta denetik erosteko aukera izango da feria berezi horretan, musika eta dantza saioz girotuta; jostailuak, arropa, liburuak, etxerako apaingarriak… 12:00etan marrazkien txokoak jarriko dituzte martxan, eta horiekin batera, baita txapak egiteko txokoa eta aurpegia margotzeko txokoa ere. Gainera, ikastolaren jertsea erosteko postu bat ere egongo da.
Festak segida izango du arratsaldean, Martin Pipasen ekitaldiarekin. Aurretik, 16:00etan, HH eta LH 1-2ko ikasleek gabon kantak abestuko dituzte. Ondoren hasiko da Martin Pipas Olentzerorentzako eskutitzak jasotzen.
a













