Korostiren dantza jaialdirako sarrerak gaurtik aurrera, Kultur Etxean
Urteroko Gabonetako jaialdia abenduaren 28an izango da aurten. Dantzariei, gizakien bost zentzumenei eskaini diete ikuskizun berria.
'Lanbroan ahaztuak, dantzan piztuak' iazko jaialdiko irudia.Gotzon Aranburu Korosti dantza taldeak prest du aurtengo Gabonetako jaialdia. Lehen urratsak, lehen erritmoak du izenburua, eta hilaren 28an eskainiko du, , Urbeltz pilotalekuan, 18:30ean. Sarrerak Kultur Etxean jaso daitezke, doan, gaur, bihar eta hilaren 22an eta 23an, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Denak ez badira agortzen, abenduaren 24tik aurrera ere egongo dira eskuragarri Urbeltz tabernan. Gehienez lau sarrera emango dira pertsona bakoitzeko.
Legazpiko dantzari hauen hitzordu handiena da Gabonetakoa, eta bertan, taldekide guztiek parte hartuko dute, 4 urtetik 47 urte bitarteko dantzariek. Zuzeneko musikak toki garrantzitsua izango du ikuskizunean, eta gonbidatu berezi batzuk ere parte hartuko dute.
Bost zentzumenak
Korosti Dantza taldeak datorren urtean egingo dituen irteeretan eskainiko duen ikuskizuna aurkeztuko dute hilaren 28ko hitzorduan. Ikuskizun berriaren gaia zentzumenak izango da.
Lehen urratsak lehen erritmoak lanean, dantza, musika eta beste hainbat elementuren bidez bost zentzumenen sorrera eta garapena irudikatuko dute. Entzumena, dastamena, ukimena, usaimena eta ikusmena nola bilakatzen diren eta gizakiek mundua nola hautematen duten ikusiko da.












