Lazkao eta Aztiriko lasterketak batuta, hamaika proba izango ditu 2026ko Goierri Kopak
Beasaingo Garingo lasterketak zabalduko du urtea, urtarrilaren 18an, eta Legazpiko Korosti Trail-ek itxiko du, urriaren 18an. Emakumeen parte-hartzea sustatzen jarraitzeko konpromisoan berretsi dira antolatzaileak. Goierri Kopa solidarioa izango da.
Goierri Kopako hamaika probetako antolatzaileak, Arerian egindako aurkezpenean. Izaro Villarreal Ukaezina da mendi lasterketek aurtengoan izan duten harrabotsa. Inoizko parte-hartze handienarekin jokatu dira Goierri Kopa Traileko bederatzi probak, eta 2026a ere urte emankorra izatea nahi dute antolatzaileek. Apustu berriekin datoz, eta orain hamar urte proiektua sortu zutenean martxan jarritako lau lasterketei dagoeneko beste bost gehitu zaizkie, eta 2026an gehituko dituzten Lazkaoko zein Aztiriko Mendi Lasterketekin, hamaika proba izango ditu Goierri Kopa Trailek.
Lazkaokoa aurreneko edizioa izango da, eta antolatzaileek hemendik aurrera urtero mantenduko den ekimena izatea nahi dute. Aztiriakoa, aldiz, orain hogeita hamar urte sortu bazen ere, urteurrena ospatzeko eta ekimenak oihartzun handiagoa eskuratzeko batu da Goierri Kopara.
Bi mendi lasterketa gehiago izango badira ere, alor teknikoan, ohi bezala jardungo dute. Bi distantzia izango dira: trail distantzia (20-25 km) eta sprint distantzia (10-17 km), Hala ere, izango dira distantzia horietatik zertxobait aldenduko diren lasterketa gehiago: batzuk gazteei bideratutako ibilbide motzagoak izango dituzte (6-8 km), eta etxeko txikienentzako lasterketak izango dituzte beste batzuk (100-200 m). Zaldibiakoa eta Lazkaokoa, berriz, 30 kilometrokoak izango dira.
Garin (01/18), Ordizia (02/15), UZ (03/01), Leharrei (04/18), Segura-Zerain (05/03), Txindoki KB (05/03), Zaldibia (05/16), Lazkao (06/27), Aztiri (07/19), Axari (09/13) eta Korosti Trail (10/18) jokatuko dira, beraz, datorren urtean, ordena horretan. Horietatik zortzi trail distantzian eta hamar sprintean, Garin eta Aztirik ohi moduan motza bakarrik egingo baitute. Kilometro Bertikala, berriz, bietarako puntuagarria izango da.
Emakumeak, trotean
Urte berrirako apustuez gain, 2025eko balantzea ere egin nahi izan dute antolatzaileek. Ondorioztatu dute parte-hartzearen hazkuntza orokorra eman dela, 2024an baino 292 korrikalari gehiagorekin. Igoerarik nabarmenena emakumeen artean gertatu da, %21,3ko hazkuntzarekin.
Bi distantzietako hazkuntza ere modu jarraituan eman da, sprint kategoria izanik igoera orokorraren motor nagusia. 1557 parte-hartzaile izan dira 2025ean, eta emakumeen parte-hartzea ere %42 hazi da. Trail distantzian, berriz, hazkuntza moderatuagoa izan da (%2,4), eta emakumeen parte-hartzeak ere gora egin du (%15,5).
Hori dela eta, berdintasunean aurrerapausoa gertatu dela ondorioztatu dute antolatzaileek, ligako emakumeen presentzia, oro har, %18tik %21era igaroz. Hartara, emakumeen parte-hartzea sustatzen jarraitzeko konpromisoan berretsi dira, bereziki trail distantzian, ikusgarritasun-kanpainak eginda edota laguntza teknikoa eta sustapen espezifikoa erabilita.
Kopa solidarioa
Beste berrikuntza bat ere izango du urte berriak: Goierri Kopa Trail solidarioa bilakatzea. Urtarriletik aurrera, egutegiko edozein probetan izena ematen duten parte-hartzaile bakoitzeko, antolakuntzak euro bat emango dio Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteari.












