Oiangualde Stop plataformak Oiangualdeko lanak geratzeko «borondate politikoa» eskatu du
Oiangualde Stop-ek dei egin du bihar Ordiziako udalbatzara joateko. Plan Partzialari egindako alegazioak erantzungo dituzte. Oiangualdeko txaletak eta urbanizazioa gelditzea eskatu du plataformak.
Ordiziako Oiangualde eremua.Loinaz Agirre. Oiangualde Stop plataformak bihar 18:00etan, Ordiziako Udalaren osoko bilkurara joateko deia egin die ordiziarrei, udal ordezkariei Oiangualdeko proiektua «geldi dezaten eskatzeko». Izan ere, plataformak Oiangualdeko Plan Partzialaren aldaketaren aurka aurkeztutako alegazioen erantzunak ematea izango da udalbatzako gai zerrendako puntuetako bat.
Oiangualde Stop plataformak prentsa ohar bidez azaldu duenez, «zalantza juridiko sendoak mahai gainean jarri» dituzten arren, eta «horiek aztertzeko denbora eskatu arren, udalak abenduaren 18ko osoko bilkuran erabaki nahi du gaia, alegazioei erantzunak aztertzeko apenas denborarik utziz». Plataformarentzat «ulergaitza da presazko jokabide hori, are gehiago alkateak berak proiektua egokitzat jotzen ez duela adierazi duenean».
Plan Partziala ez onartu
Izan ere, «Plan Partzialaren aldaketa atzera botako balitz, ezinezkoa litzateke 82 etxebizitza horiek eraikitzea, eta oso zalantzazkoa litzateke 2008an onartutako proiektua bere horretan bideragarria izatea», azaldu dute. Horrek «Oiangualden urbanizazioa eta txaletak behin betiko saihesteko aukera zabalduko» lukeela gehitu dute.
Baina aldaketa onartzen bada, «enpresa eraikitzaileak bidea libre izango du 82 etxebizitza eraikitzeko, eta Oiangualden urbanizazioa geldiarazteko aukerak nabarmen murriztuko lirateke». Hori guztiagatik, «dei argia» egin nahi izan diete udal ordezkari eta agintariei: «Ez dezatela Plan Partzialaren aldaketa onartu, eta egin dezatela beren esku dagoen guztia Oiangualden urbanizaziorik eta txaletik eraiki ez dadin». Plataformakoen ustez, «erabaki hau ez da arazo tekniko hutsa; erabaki politikoa da».
«Geldiarazteko aukerak»
Ikuspegi juridikotik gaia «konplexua» dela aitortu arren, plataformaren esanetan, «horrek ez du esan nahi proiektua geldiarazteko aukerarik ez dagoenik». Azpimarratu dutenez, plataforma osatzen dutenen ustez, eta kontsultatutako hirigintza-adituen iritziz, «badaude Plan Partzialaren aldaketa zalantzan jartzeko oinarri nahikoak, baldin eta horretarako borondate politikorik balego».
17 urtez geldirik
Oiangualdeko proiektua 17 urtez geldirik egon dela gogorarazi dute. «Denbora horretan ez da ezer egin, eta udalak ez du neurri berezirik hartu». Orain, «egoera bideratzeko modua ez da proiektua berriro pentsatzea izan, baizik eta enpresa eraikitzaileari baldintzak hobetzea, etxebizitza gehiago egin ahal izateko».
Bestetik, Ordiziak «gaur egungo legeriarekin bat datorren hiri-plangintza orokorrik» ez duela nabarmendu dute. «Oraindik ere duela 25 urte onartutako arauekin funtzionatzen du. Hori ulertzekoa izan zitekeen aldi batez, baina ez gaur egun, eta are gutxiago lur eta bizi-eremu oso baten etorkizuna baldintzatuko duten aldaketa sakon bat egiteko».
Gainera, «udalak berak 2016an Plan Orokor berri baterako aurkeztu zuen hasierako dokumentuan, Oiangualderako beste proposamen batzuk jasotzen zirela» gogoratu du plataformak. «Besteak beste, jarduera ekonomikoak, ekipamenduak eta hezkuntza eta berrikuntza ingurunearekin lotutako erabilerak. Gaur egun proposatzen den aldaketak ez du azaltzen zergatik baztertzen den ikuspegi hori, ezta zergatik aukeratzen den etxebizitza gehiago eraikitzea ere».
Etxebizitza mota
Etxebizitza babestuen auzia ere kontuan hartzekoa dela dio Oiangualde Stop plataformak: «Ez dago argi indarrean dagoen plangintzak lege berriak ezartzen dituen baldintzak behar bezala betetzen dituenik. Gainera, udalak dio Plan Partzialaren aldaketa onartuta ez dela eraikigarritasuna aldatzen. Baina etxebizitza motaren aldaketak metro karratu bakoitzaren balioa handitzen du eta etekin ekonomiko handiagoa sortzen du», zehaztu dute.












