Sei hamarkadaren ondoren, bueltan da San Martingo II. Ziklo-Krosa
210 txirrindularik eman dute izena dagoeneko, baina inskripzioek zabalik jarraitzen dute. Lau karrera izango dira, kategoria ezberdinetan banatuta. Gipuzkoako Txapelketa ere izango da.
Txirrindularitza oraindik ere bizirik da Ataunen; lehendik urte luzeetan zehar landu den kirola izan da, eta urteekin karreraren bat edo beste galdu bada ere, urrats garrantzitsua egin du aurtengoan Agauntza Kirol Elkarteak, San Martingo ziklo-krosari eutsita. 66 urteren ondoren, bigarren edizioa hartuko dute ataundarrek, larunbatean. Gaur goizean aurkeztu dute publikoki lehiaketa, udaletxean egindako prentsaurrekoaren bidez. Martin Aramendi alkateak, Juan Arrondo Agauntza Kirol Elkarteko arduradunak, Abraham Olano Gipuzkoako Federazioko kirol arduradunak, Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko presidenteak eta Ixio Barandiaran Federazioaren barruan mendi bizikleta arloko arduradunak parte hartu dute. Prest dute zirkuitua, korrikalariek izena eman dute eta azken prestaketei heltzeko momentua da.
Martin Aramendiren hitzartzearekin hasi dute aurkezpena, eta azaldu du herriarentzat “berri pozgarria” izan dela ziklo-krosa berrartzea: “Herriarentzat ezohikoa da, aurreneko edizioa aspaldi izan zen eta gutako askorentzat aurreneko aldia da”. Ikusteko polita izango dela ere esan du, izan ere, asko urrundu gabe, herritik bertatik jarraitu ahal izango da. Karreraren epizentro bihurtuko da herriko plaza, Intxaurrondon hasi eta plazan bertan bukatuta. Horrek guztiak sortuko duen mugimenduari ere erreferentzia egin dio Aramendik, eta herritarrei eskatu die “pazientzia” izan dezaten, trafikoan eta garajeen sarrera-irteeretan sor ditzakeen “eragozpen txikiengatik”.
“Ilusio berezia egiten dit. Mutikoa nintzela bizi nuen aitona zenaren alboan San Martingo ziklo-krosaren aurreneko edizioa, gure baserritik igaro baitzen”
Juan Arrondo. Agauntza Kirol Elkarteko arduraduna
Ekimen honen bultzatzaile nagusietako bat izan da Arrondo ataundarra, eta urte luzeetan zehar amestutakoari bukaerako krisketa jarriko dio larunbatean: “Ilusio berezia egiten dit. Mutikoa nintzela bizi nuen aitona zenaren alboan San Martingo ziklo-krosaren aurreneko edizioa, gure baserritik igaro baitzen. Iaz ere planteatu genuen aurrera egitea, baina federazioan izandako gora behera batzuk tarteko, suspenditu egin behar izan genuen. Asko amestutako karrera izan da, eta azkenean lortu dugu”. Aurrera begira ere, gutxienez beste bost urtez mantentzea nahi lukeela azaldu du: “Lanaz gain, dirua behar da, eta horrek nahiko lan emango dizkigu, baina hori da nire ilusioa”.
“Oso teknikoa ez den arren, gogorra da zirkuitua, zati handi batean belarra dago eta lokatza handia sortuko du horrek”
Ixio Barandiaran. Gipuzkoako federazioko mendi bizikleta arduraduna
Ixio Barandiaranek, berriz, zirkuituaren gaineko xehetasunak jakinarazi ditu: “Oso teknikoa ez den arren, gogorra da, zati handi batean belarra dago eta lokatza handia sortuko du horrek. Aldapa dezente dago, buelta oro 80-100 metroko desnibel inguru izango da. Gogorra baina oso polita, aldi berean”.
Gipuzkoako Txapelketa
Gipuzkoako Txapelketa ere izango da larunbatekoa, eta baita Euskal Federazioko Iturri torneoaren azken proba. Egun garrantzitsua izango dela azpimarratu du Osorok, eta egunean zehar jokatuko diren lau karreren berri eman du:
- 9:15. Masterrak. Master 40, 50 eta 60. Berrogei minutuko lana egingo dute. Lehenengo itzulia ematen dutenean ikusiko da zenbat denbora behar izan duten, eta denbora horren arabera, hainbeste itzuli egingo dira berrogei minutuan.
- 10:15. Kadeteak. Neskak eta mutilak. Hogeita hamar minutuko saioa egingo dute, eta itzuliak ere horren arabera.
- 11:15. Juniorrak. Mutilak, Openak eta neskak. Berrogei minutuko lana egingo dute.
- Bukatzeko, Openak. Open probaren barruan sartuko dira 23 urtez azpikoak, afizionatuak, eta eliteko profesionalak. Master 30 korrikalariak ere hemen izango dira.
Maila guztietan izango da, esan bezala, Gipuzkoako Txapelketa, eta maila bakoitzeko aurreneko hiru gipuzkoarrak podiumean izango dira.
Inskripzioak irekita
Oraingoz, 210 lagunek izena eman dute, baina inskripzioak oraindik irekita jarraitzen du. Osororen ustez, kopurua handitzeko marjina dago oraindik. Euskal Herri osotik etorritakoak lehiatuko dira, eta baita kanpotik etorritakoak ere. Ataundarren artean, lau herritar daude oraingoz izena emanda: Master 40 kategorian Edu Jimenez, duela urte batzuk master 30 kategoriako Espainiako Txapelduna; jubenil nesken artean Maixa Odriozola, torneoko sailkapenean hirugarrena; eta junior mutiletan, Xabat Beaskoetxea eta Lur Muxika. AMPOko lasterkariak biak.
“Hobetze bidean doa ziklo-krosa, eta hori Gipuzkoan karrera gehiago egon daitezen gazteek egiten duten lanari esker ere bada”
Abraham Olano. Gipuzkoako Federazioko kirol arduraduna
Abraham Olanok jakinarazi du gazteen artean ere hedatzen ari dela karrera hauekiko interesa, eta egiten duten eguneroko lana nabarmendu nahi izan du: “Hobetze bidean doa ziklo-krosa, eta hori Gipuzkoan karrera gehiago egon daitezen gazteek egiten duten lanari esker ere bada”. Osorok gaineratu du hazkuntza horren erakusle direla gaur egun egiten diren probak; lau proba izatetik, sei izatera igaro baikara Gipuzkoan, Elgoibar eta Ataungo azken ekarpenak batuta, eta azaldu du lau proba horietako sailkapenetatik gipuzkoarrak hiruretan direla buru.












