Subeltza kolektiboak aro berriari ekin dio, Legazpiko kultura jarduera astintzeko asmoz
Larunbat arratsaldean aurkeztuko ditu proiektu berriak Gaztetxean, musikaz lagunduta. Gauean, Emaion taldeak eta Xaukena elektrotxarangak joko dute.
Jon Unzurruzaga eta Jon Altolagirre, Subeltzaren aro berriko gidaritza taldeko kideak. Tere Madinabeitia
Subeltza musika kolektiboak aro berria hasi du, eta larunbatean, abenduak 20, ekitaldi bat egingo du Gaztetxean esku artean dituzten proiektuak aurkezteko. Musikaz lagunduta, 19:30ean Subeltza berriko kideak oholtzara igoko dira, 1998an hasi zen historiari errepasoa emateko, gaurko taldeak aurkezteko eta etorkizunerako asmoak azaltzeko. Gauean, 22:00etan hasita, bi talde izango dira taulatura igoko direnak, Emaion, eta lehen aldiz kalejira formatutik aldenduta, Xaukena elektrotxaranga. Goizaldera arte luzatuko den festa agindu dute.
Jon Altolagirre eta Jon Unzurrunzaga Subeltzako diruzaina eta lehendakaria dira. «Isilaldi batean» murgilduta zegoen kolektiboari bultzada emateko sortu den taldeko ordezkariak dira.
Hamabost musika taldek osatzen dute orain Subeltza, eta @subeltza_kolektiboa instagram kontuan dute txokoa gehienek. Larunbateko ekitaldiarekin, lema hartu dutenek erakutsi nahi dute, Subeltza, talde horiek eta pabiloi bat baino gehiago dela «herri mailan kultura eta artea bultzatu dezakeen kolektiboa dela», hain zuzen. «Egundoko mugimendua dago Legazpin alde horretatik».
Herriko kulturan eragitea
Aurretik ere pasa ditu antzeko egoerak Subeltzak, «gorabeherak izan ditu bere historian zehar», diote biek. «Gu 2018an Kontuz! Erromeria taldean elkarrekin jotzen genuenean sartu ginen, eta orduan fundamentu pixka bat bazegoen, kolektibo gisa behintzat elkartzen ginen eta hitz egiten genuen, ez asko egia esan, lokalen egoeraz edo eraikineko arazoez, batez ere, baina azken aldian hori ere ez genuen egiten».
Subeltzaren sorrerako estatutuetan jasotako helburuak «apalduta» zeuden bi musikari gazte hauen ustetan, «herri mailan musika bultzatzea, ekoiztea eta zabaltzea zen bere egin beharra, herriko kulturari ekarpena egitea, azken finean». Orain duten asmoa da «hori guztia berriz ere lortzeko pizgarria izatea».
Bikuña-Txikiko industrialdean duten azpiegitura zaintzeaz eta indartzeaz gain, horixe da aro berrirako planteatu duten erronka: «Kolektiboa sendotu nahi dugu, gure artean babesteko eta laguntzeko, eta herri mailan kulturari aniztasuna eta bultzada ematea da gure helburua».
Izan ere, «kultura mailan eta musikan batez ere, artea sortzea eta eskaintzea pribilegio bihurtu da, areto bat alokatzeko kostuarengatik, edo disko bat ekoizteko kostuarengatik, edo entseatzeko lokala izateko zailtasunengatik. Egoera ekonomiko ona izan behar duzu artea sortzeko eta erakusteko, eta guk injustizia gisa ikusten dugu hori». Horri aurre egiteko, eta batez ere baliabide ekonomiko gutxien dituzten musikariei laguntzeko, bereziki gazteei, lan egingo dute Subeltzatik.
Espazio fisiko bat baino gehiago dela argi utzi nahi dute, «kolektibo bat da, musikaren inguruan elkartzen dena, elkarri laguntzeko, aukerak emateko eta babesteko dagoena, mundu hau oso zaila dagoelako azken aldian». Alde horretatik, herriko edozein musika adierazpenari irekita dagoela nabarmendu dute, «izan bakarkakoa, izan txaranga bat…».
Gaztetxearekin elkarlana eta estudioa
Subeltzak, gainera, kontzertuak ematen eta antolatzen jarraituko du, eta Gaztetxearekin indartu duten elkarlana nabarmendu dute. «Beti izan dugu harreman ona Gaztetxearekin, guk behar dugu Gaztetxea gure kolektiboko taldeon kontzertuak emateko, eta Gaztetxeak behar gaitu bere kontzertu programazioa osatzen laguntzeko». Beste herrietako musika kolektiboekin dituzten harremanak baliatuko dituzte horretarako.
Hauxe da Subeltzaren epe motzerako proiektua. Baina «proiektu nagusia eta mamitsuena» estudioa indartzea da. Subeltzaren lokaletan badago musika ekoizteko estudio bat, eta material gehiagoz hornituta eta arduradun berria izendatuta, beste bizi bat eman nahi diote, «edozeinentzat eta edozein momentutan eskuragarri jarrita, ekoizteko, jolasteko, ikasteko… Artea sortzeko, musika kasu honetan, espazio libre eta autogestionatu bat izango da».













