Ekitaldiz beteriko asteburuaren ondoren, Legazpi prest dago Gabonak hasteko
Asteburu luzea izan da. Ilintiren Gabonetako kanpainako sarien zozketarekin hasita, eta atzo herriko erakusleiho lehiaketaren irabazleak sarituz amaituta. Bitartean, hiru kontzertu, Merkatu Txikia eta Martin Pipas izan dira. Biharko goizeko erronda 12:00etan egingo da, Azokan, eguraldi txarra dagoelako iragarrita.
Merkatu Txikian, Haztegiko ikasle batzuk.Tere Madinabeitia Ekitaldiz beteriko asteburu luzearen ondoren, Legazpi prest dago Gabonetan bete-betean murgiltzeko. Musika, sari banaketak eta Olentzerorentzako gutun bilketa izan dira azken egunetako izarrak herrian. Bihar, ohiko errondak egingo dira, goizean eta arratsaldean.
Goizeko erronda, ikasleena, Azokan egingo da azkenik, eguraldi iragarpenak ez direlako onak. Beraz, han izango da hitzordua, 12:00etan izango da. Arratsaldeko errondarako prestatutako egitaraua bere horretan mantentzen da momentuz, eta 17:45ean geratu dira Goiherri tabernaren parean. Asmoa 19:30ean amaitzea da, Gernika enparantzan
Brinkolan ere baserriz baserri egin ohi duten kantu eskerako elkartuko dira auzotarrak bazkalondoan.
Asteburuaren errepasoa
Ostiralean, Ilintik Gabonetako kanpainako sariak banatu zituen Azokan, Xaibor musika jartzailearen laguntzarekin. Hainbat zozketa egin eta gero, agertu ziren azkenik hiru sarien irabazleak: Olatz Urrestila, Begoña Urrutia eta Aintzane Olabide. Herrian gastatzeko 500 euroko sari bana jaso zuten. Musikaren eta sarien zozketen aitzakian, giro paregabea egon zen Azokan iluntzean.
Larunbatean, Goiz Deia bandako txistulariek Gabonetako kontzertua eskaini zuten eguerdian Kale Nagusian, eta goiz osoan zehar, Merkatu Txikia egin zuten Haztegi ikastolako ikasleek Latxartegi parkean. Arratsaldean, gabon kantak eskaini zituzten toki berean, eta Martin Pipasek gutunak jaso zituen Olentzerori emateko. Gizarte Zentroan ere festa giroa zabaldu zen iluntzean, Alaitasuna errondailak eskainitako kontzertuari esker.
Igandean musika gehiago izan zen Legazpin, arratsaldean, Legazpi Musika Bandak eta Santikutz eta Doinua Musika Eskolako abesbatzek parrokian eskainitako Gabonetako kontzertuarekin.
Erakusleiho lehiaketa
Atzo, berriz, udalak antolatutako erakusleiho lehiaketaren irabazleak zeintzuk ziren jakinarazi zuten, udaletxean egindako ekitaldi batean. Aurtengo irabazlea Mimaru lora denda izan da, eta 500 euro jaso ditu. Bigarren postuan Aranzazu optika sailkatu da, eta 300 euroko saria jaso du. Hirugarren saria, 200 eurokoa, Attiko diseinu grafikoarentzat izan da. Azkenik, herritarrek aukeratutako erakusleiho onena Aranzazu optikarena izan da, eta beste 200 euro jaso ditu horregatik.
Herritarren saria bozkaz aukeratu da. Guztira 390 herritarrek parte hartu dute bozketan, eta guztien artean egindako zozketan Conce Zaratiegik 100 euroko erosketa txartela irabazi du.
Beste sariak Ainara Gerrak, Jose Luis Arzuagak eta Gurutze Langarikak osatutako epaimahaiak erabaki ditu.

















