Feriaren berezitasuna asterokoan ere nabaria izan da
Saltzaile batzuk falta ziren Plaza Nagusian, eta nabarmen Zuhaiztian, fruta postuetan. Bisitari ugari, eta produktu berri batzuk ikusi dira.
Gabonetako feria berezia izan da gaurkoa, eta ohiko saltzaileentzat ere halakoa izan dlea esan behar da. Egunez aurreratuta egin da, asteartean, eta beste hitzordu batzuk atenditzeko joaterik izan ez duen saltzaileren bat edo beste falta zen Plaza Nagusian, eta bereziki Zuhaiztian, fruta postuen eremuan. Gainera, berezitasunak Ordiziako feriari eman ohi dizkion bisitariak ere izan dira, eta horrek giro aparta jarri du plaza inguruan, betiko postuetan erosketetan eragin handiegirik izan ez badu ere.
Eta zer erosi, eskaini dute, astero bezala. Gabon bezpera izanik, oraindik izan da izeiak, mihura, pazko lorea edo polboroiak erosteko aukera. Bihar afarirako edo etziko bazkarirako zopa egiteko, adibidez, porruak eta zopakoa erosi zitezkeen, baita konpota egiteko errezil sagarrak eta aran pasak ere. Azken opariak erosteko, gazta, eztia, eta loreak ere ez ziren falta.
Berritasun batzuk
Ezta berritasunak ere. Izan ere, gaur produktu berriak ere aurkeztu dituzte. Bidania-Goiatzeko Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanesen eskutik iritsi dira, eta horietako bat zidra kuia izan da, aingeru hegats deituriko gozoa egiteko erabiltzen dena. Kiloa euro batean zuen salgai, eta kuia bakoitzak 5-bat kilo zituen.
Postu berean kontserba batzuk ere berriak izan dira. Magallanesek aurretik ekarriak zituen kuiatxo kremaz beteriko ontziak (4,20 euro eta 6 euro, tamainaren arabera), eta gaur kuia krema ere izan du aukeran (3,8 euro), baita tomate frijitua ere (4,2 euro). Marmeladak ere salgai zituen: tomate berdearena, eta kuia eta sagarrarekin egindakoa (3,8 euro). Kontserba guztiak Magallanesek berak egindakoak dira, berak ekoitzitako produktuekin.
Arto irina ere berria izan da postu honetan, etxean ekoitzitakoarto gorriaren irina, Aramako Ibares errotan ehotakoa. Kilo erdiko paketeak zituen salgai, 6 euroan. Pakete bakoitzarekin 8-10 talo egin daitezkeela esan du.
Onddoak, oliotan bakarrik
Perretxikoen atala ere aipagarria izan da. Lasaren postuan honako hau jarri dute salgai: 15 kilo mendiko angula, 26 euroan kiloa; 10 kilo saltsa perretxiko beltza, 30 euroan; eta 15 kilo ziza hori, 39 euroan.
Onddorik ez da izan gaur, baina horren kapritxoa dutenek, oliotan kontserbatutakoa izan dute aukeran postu berean, 8,5 euroan pote handia, eta 4,5 euroan pote txikia.















