Pakita Barandiaran omendu dute Beasaingo Garin auzoko jaietan
Beasaingo Garin auzoan San Sebastian jaiak ospatzen ari dira. Mezaren amaieran Pakita Barandiaran Zurutuza omendu dute, auzoko adinduena. Barandiaran 1929ko abenduaren 26an jaio zen Ataungo Barandiaran Txiki baserrian. 96 urte ditu, beraz. Duela 72 urte heldu zen Garinera, Jose Ignazio Lasa garindarrarekin ezkondu ondoren.
Garinen, lurra lantzeaz gain, etxea ere mimoz landu du. Bost seme-alaba izan zituen: Lourdes, Jesus Mari, Mari Jose, Iñaki eta Gabriel. Zazpi biloba ditu.
50 urtetan zehar Beasaingo azokara jaitsi zen, baserriko produktuak saltzera. Gidatzeko baimena atera zuen eta 92 urte bete zituen arte gidatu zuen. 95 urte bete arte gidatzeko aukera zuen, baina bere borondatez utzi zion gidatzeari. Gidabaimena berritzera joan zen azken aldian, medikuak “niregatik kamioiarekin Alemaniara joan zaitezke” esan zion.
Omenaldian, bere bizitzari buruzko testua irakurri dute, zapia jarri diote eta Jexux eta Iñaki semeek bertso bana abestu dute. Horra hor omenaldiko bideoak eta argazkiak:













