Baserrien egituraz bi saio
‘Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain’ erakusketaren osagarri antolatu dituzte. Igandean, bisita gidatua izango da eta otsailaren 7an, familientzako saioa.
‘Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain’ erakusketa Igartubeitin. Aimar Maiz Urrian, Sagardo Astearen baitan, jarri zuten ikusgai Ezkioko Igartubeiti baserri museoan Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain izeneko erakusketa. Euskadiko Arkitektura Institutuak bultzatutako ekimena da, Ibon Telleria eta Jon Arkaraz arkitektoek eta EHUko irakasleek ondu dutena. Orain, erakusketaren osagarri, bi ekimen antolatu dituzte Igartubeitin; batetik, urtarrilaren 25ean, bisita gidatua egingo du Ibon Telleria komisarioak; eta bestetik, Harrizko azala izenburupean familientzako saioa izango da otsailaren 7an, Maushaus arte eta arkitektura laborategiaren eskutik.
Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain erakusketa Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan inauguratu zuten uztailean eta irailera arte egon zen ikusgai bertan. Ondoren, Igartubeiti baserrian jarri zuten aldi baterako erakusketa, bertsio murriztuagoan. Euskal landa-ingurunean eraikitako ondareari ematen dio balioa erakustetan jasotakoak, eta «tipologia baten iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa» proposatzen du, ondare honek duen balio arkitektonikoa nabarmenduz. Erakusketak, «mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa erakusten du baserria, euskal landa-paisaiaren irudi nagusi bihurtzeraino».
Erakusketa osatzeko lanean egindako askotariko ikerketek zuzenean eragin diote Goierriri: Euskal Herri osoko Kantauri isurialde guztiko baserririk zaharrenak Goierrin aurkitu baitituzte. Argazkiak, informazio panelak eta harri edo egur laginak erabili dituzte erakusketa osatzeko, eta tartean noski, hainbat dira Goierriko baserrien irudiak: Ezkioko Zelaa, Salete eta Igartubeiti, Olaberriko Besagasti eta Bengoetxe Txiki, Zaldibiako Goroskindegi eta Beasaingo Igartza jauregia dira baserri horietako batzuk. Erakusketa izena ematen dioten lau esparruetan banatzen da: zura, harria, mitoa eta oraina, hain zuzen.
Erakusketa aletzen
Ibon Telleria Julian arkitektoa eta EHUko Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakaslea da; baita erakusketa honen komisarioetako bat ere. Igandean, bista gidatua eskainiko du, 11:30ean hasita. Bisita interpretazio zentroan dago ikusgai.
Bestalde, otsailaren 7an, 16:30etik 18:30era, 6 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzendutako saio bat gidatuko du Maushaus arte eta arkitektura laborategiak Igartubeitin. Maushaus proiektuak haur eta gazteak arkitekturara gerturatzea du helburu, «arkitekturarekiko harreman afektiboa ezarriz eta hiria osatzen duten elementuen azterketaren bidez haren hizkuntzaz jabetzeko bitartekoak eskainiz»
Saioan zehar, historian baserriak izan duen bilakaerari buruzko azalpenak emango dituzte. «Erdi Aroan lehengaiak eraldatzeko egitura industrial gisa sortu ziren, eta Errenazimendu garaiko krisi ekonomikoaren ondorioz, bizitegi eredu gisa birziklatu zen. Denboraren poderioz, estaldura materialak pixkanaka aldatuz joan ziren, herrizko itxitura berriak bidez, inertzia termiko handiagoarekin eta leiho txikiak irekiz, baserriak etxekotzen joan ziren, gaur egun, gure kontzientzia kolektiboa osatzen duen irudi ikonikoa sortu arte», azaldu dute.
Izen ematea irekita
Parte hartzeko derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Izen ematea on line egin daiteke Igartubeitiren web gunearen bitartez; baita 943 72 29 78 telefonora deituta edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.













