EH Bilduk batzar informatiboak egingo ditu Olaberrian aurreikusitako biogas plantaren proiektuaren harira
Herritarrei proiektuaren inguruko informazio zuzena eskaintzeko konpromisoan berretsi dira. 2 saio egingo dituzte: ostegun eta ostiralean, Ihurren eta herri gunean.
Olaberriko herriaren ikuspegia, plazatik. Arkaitz Apalategi Olaberriako EH Bilduk iragan abenduan izan zuen Goiekiren bitartez CAF eta Arcelor enpresek Olaberrian eraiki asmo duten biogas plantaren proiektuaren berri, eta azaldu zuen egitasmoaren “jarraipen zorrotza” egingo zuela. Ustez, Europako Biogas planta handienetakoaz hitz egiten ari dira, eta koalizioarentzat ezinbestekoa da horren aurrean “erantzukizunez, arduraz eta zuhurtziaz” jokatzea.
Herritarrei ere proiektuaren inguruko informazio zuzena eskaini asmoz, batzar informatiboak antolatu dituzte aste honetarako. Ostegunean Ihurren elkartuko dira, 18:30ean adinekoen ludotekan, eta ostiralean, berriz, herri guneko eraikin berrian, ordu berean. Aurrenekoa erderaz izango da, eta bigarrena, berriz, euskaraz. EH Bildurentzat ezinbestekoa da herritarrekin auziaren gaineko “eztabaida sortu eta lankidetzazko ariketa batean murgiltzea”.
Aditu taldearen premia
Informazioaren berri izan zuten aurreneko momentutik “zalantza teknikoak” izan zituztela jakinarazi du EH Bilduk, eta inplikatutako enpresei ahalik eta informazio zehatzena eskatzeko egindako ahaleginek ere, “proiektua argitu baino, koalizioko kideen kezka handitu” zutela jakinarazi du. Gauzak horrela, “bidea urratzen jarraitzeko” konpromisoan berretsi ziren, eta proposatzen zehatza egin zioten Goiekiri: aditu talde bat sortzea, urte berriko aurrekontu proiektuan horretarako diru-partida izenduna sortuta.













