Elkartasun Astearen barruan, Ordiziako plazari biraka
Jakintza Ikastolak 'Mundu hobea gure esku dago' lelopean hainbat ekitaldi antolatu ditu gaurtik ostiralera bitartean. Seaska eta Palestinarentzat dirua bilduko dute.
Ordiziako Jakintza Ikastolak Elkartasun Astea antolatu du, Mundu hobea gure esku dago lelopean, gaur hasi eta urtarrilaren 23ra bitartean. Ikasleek, besteak beste, Shifa, Naizen, Unrwa, Algara Clown eta Zaporeak elkarteen inguruko hitzaldiak izango dituzte astean zehar.
Ostegunean, berriz, 11:00etatik 12:00etara Plaza Nagusian egingo den Lehen Hezkuntzako haurren emanaldia izango da, euskal kantak dantzatuz eta abestuz.
Amaiera emateko, ostiralean Plaza Nagusian Elkartasun krosa egingo dute. “Denon partaidetzarekin, Ordiziako plazari birak emanez, munduari itzuli oso bat egitea izango dugu xede, hau da, denon artean, pausoz pauso, 40.000 km gauzatzea elkartasunaren alde”.
Goizean 12:30etik 16:30era Jakintza Ikastolako ikasleak arituko dira plazari bueltak emanez, eta arratsaldean, 16:30etik 18:30era Ordiziako eragile ezberdinen eta parte hartu nahi duen edonoren txanda izango da. Egitasmo honi amaiera emateko, “18:30ean Jakintza Ikastolako komunitatea osatzen duten guztiek elkarrekin azken birak egingo dituzte, mundu hobea gure esku dago! aldarrikatuz”.
Seaska eta Palestina
Jakintza Ikastolatik jakinarazi dutenez, “astean zehar eginiko ekintza guztiekin, Seaska eta Palestinaren zabalpena egiteaz gain, dirua ere bildu nahi dugu. Horregatik, borondatezkoa izan arren, kilometro bakoitzeko 1 euroko ekarpena egitea eskatu nahi diegu parte-hartzaileei”.
Mertxe Amondarainen erakusketa
Jakintza Ikastolako Elkartasun Astearen egitarauaren barruan, Mertxe Amondarain tolosarrak Gazako sarraskia ardatz hartuta sortutako 31 irudi izango ditugu ikusgai Barrena Jauregian urtarrilaren 23ra bitartean. “Marrazkien erakusketa hau UNRWA (Palestinako errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia) erakundearekin elkarlanean garatu du Amondarainek eta Euskal Herriko hainbat kulturgunetan egon da ikusgai”.
Erakusketaren helburua izan da “Gazan azken urte hauetan gertatzen ari denaren kontakizuna osatzea eta plazaratzea. Egoera honek sortu zion ezintasunaren eta frustrazioaren emaitza da ikusgai dagoena Barrena Jauregian. Edonola ere, berak bizitzaren kontakizun gisa ere ulertzen du, suntsipen eta sarraski guztien gainetik bizia eta esperantza gailendu beharko baikenituzke”.













