Jaietako txupina botatzeko hautagaia aukeratzeko prozesua martxan da
Lazkaoko Gazte Asanbladak emango dio lekukoa aurtengo kolektibo edo pertsonari. Hiru fasetan garatuko da prozesua, eta martxoaren 2an jakinaraziko da emaitza. Hamasei urtetik gorako lazkaotarrek aurkeztu behar dituzte proposamenak.
Lazkaoko Gazte Asanbladak jaurti zuen iazkoa. Hitza San Prudentzio jaietako prestaketa lanek aurrera jarraitzen dute eta kartel lehiaketa zein adin tarte guztientzat irisgarriak izango diren jaiak antolatzeko ekarpenak jasotzeko galdetegia martxan jarrita, jaiei hasiera emango dien txupina botako duen pertsona edo kolektiboa aukeratzeko prozesu parte-hartzailea ere zabaldu zuten atzo. Lazkaoko Gazte Asanbladaren ardura izan zen iaz jaietako pregoia irakurtzea, eta beste kolektibo zein pertsona bati pasa beharko diote lekukoa aurtengoan.
Hiru fasetan, martxora arte
Atzo hasi eta martxora arte luzatuko da prozesua, eta hiru fasetan garatuko da: aurrenekoan, lazkaotarrek txupina botatzea merezi dutela uste duten pertsonen edo kolektiboen izenak proposatu beharko dituzte, udalaren webgunean eskuragarri dagoen galdetegia beteta edota proposamena udalean gaituko den postontzian utzita. Proposatutako pertsona edo kolektiboak oinarrizko baldintza batzuk bete beharko dituzte: lazkaotarrak izatea edota udalerrian erroldatuta egotea, eta herrigintzan, gutxienez, bi urtean lan egin izana. Otsailaren 2ra arte izango dute herritarrek horretarako aukera.
Hautagaitzak jasotako epea amaitu ondoren, ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten proposamenak alboratu eta onartutakoen artetik lau aukeratuko ditu Lazkaoko Udalak. Horretarako, ondorengo irizpideak kontuan hartuko dira: udalerriari egindako ekarpena, bere eremuko merezimenduak eta berdintasunaren, bizikidetzaren zein euskal kulturaren alde egindako lana.
Otsailaren 14an jakinaraziko dira lau hautagaitza finalistak, eta otsailaren 16tik aurrera, txupina botako duen pertsona edo kolektiboa aukeratzeko bozketa-epea irekiko da, martxoaren 2ra arte luzatuko dena. Behin epea amaituta, prozesuaren emaitza martxoaren 4an jakinaraziko da, jaiak hasi baino hilabete luze aurretik.
Herritarren parte-hartzea
Lazkaoko Udalak prozesuan aktiboki parte hartzeko deia egin die hamasei urtetik gorako udalerrian erroldatutako herritarrei, udalerriarekiko konpromisoa islatzen duten hautagaitzak proposatzeko, batetik, eta datozen jaietako txupina botatzeko ohorea izango duena aukeratzeko, bestetik.













