Ordiziako San Jose egoitzak bat egin du greba mugagabearekin
Zumarragako Argixaon 70 egun daramate greban, azaroaren 21etik. Ordizian urtarrilaren 23an hasiko dute. Lan hitzarmen berria eskatzen dute.
ELAko ordezkariak.ELA. ELAk maiatzean hasi zituen grebak, eta guztira 14 greba egun izan dira gaur arte. Aste honetan bertan, ELAk sektore mailako beste bi jardunaldi deitu ditu urtarrilaren 22rako eta 23rako.
Sindikatu abertzaleak emandako datuen arabera, sei zahar-etxeetan greba mugagabea deitu zuten azaroaren 21etik aurrera. “70 greba-egun bete dituzte dagoeneko Jesusen Bihotza (Eulen Soziosanitarioa), Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Txara II (Bihar Gipuzkoa) eta La Paz (GSR), Zumaiako San Juan (Clece) eta Zumarragako (Argixao) zentroetako langileek. Ordiziako San Jose (Celece Mayores) egoitzako langileek, joan den astean egindako batzarraren ostean, urtarrilaren 23tik aurrera greba mugagabearekin bat egitea erabaki dute”.
Sektoreak 5.000 langile inguru biltzen ditu, “eta soldata-arrakalarekin amaitzea eta % 100ko lan jardunaldiak izatea eskatzen dute. Izan ere, langileen ia erdiek kontratu partzialak dituzte eta 10.000 eurotik gorako soldata-arrakala jasaten dute urtean, gehienak azpikontratatutako emakumeak diren sektorean”.













