Sindikatuek greba orokorra erregistratu dute martxoaren 17rako, gutxieneko soldata propioaren alde
Patronalarekin «lerratzea» leporatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxaldek uste dute ezinbestekoa dela lan harremanen esparrua bertan erabakitzea.
Sindikatuetako ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean, gaur. Endika Portillo / FOKU Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta patronala. Hiru erakunde horiei begira egingo dute martxoaren 17ko greba orokorra. ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek ofizialki erregistratu dute mobilizazioa, eta Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500€. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko leloa izango du.
Sindikatu horiek salatu dutenez, «gutxieneko soldataren inguruko erabakiak Euskal Herritik urrun hartzen dira gaur egun». Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak ezartzen du kopurua, berbera Espainian eta Hego Euskal Herrian, eta, nabarmendu dutenez, hori oso urrun dago Hego Euskal Herriko «langileen eguneroko beharretatik eta bertako errealitate sozioekonomikotik». Azpimarratu dute azken urteotan soldatak ez direla «bizitzaren kostuaren igoerari erantzuteko bezainbeste handitu». Sindikatuek uste dute patronalaz gain Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere badirela egoera horren «erantzule», eta ezin dutela «neutral» jokatu. Patronalarekin «lerratzea» leporatu diete Pradalesen eta Txibiteren gobernuei.
Gutxieneko soldata 1.184 eurokoa da gaur egun Espainian eta Hego Euskal Herrian. Madrilek %3,1eko igoera proposatu du 2026rako. Igoera hori azkenean parlamentura iristen bada eta hark babesa ematen badio, 1.221 eurokoa izango da soldata. Grebara deitu duten sindikatuen arabera, berriz, 1.500 eurokoa izan beharko luke, eta «hemen» erabaki beharko litzateke.
Haiek kalkulatu dutenez, Hego Euskal Herrian 300.000 langilek baino gehiagok jasotzen dute 1.500 euro baino gutxiago hilean, eta erdiek baino gehiagok jardunaldi osoan lan egiten dute. Horrekin batera, gogoratu dute gutxieneko soldata igoz gero soldatak orokorrean igo egingo direla, eta eragin zabalagoa izango duela lan merkatuan.
Irakurri artikulua osoa Berria.eus webgunean.












