Salaketa, edertasuna eta emozioa Itsaspeko Zinema Zikloaren saioan
Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloko bigarren emanaldia bihar egingo dute Usurbe Antzokian, 19:00etan hasita. Doan da.
'El alga invasora-Rugulopteryx Okamurae' laneko irudi bat.CIMASUB Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloko bigarren emanaldia bihar egingo dute Usurbe Antzokian, Zilarrezko Saioa izenburupean. Edertasuna eta salaketa uztartzen dituzten filmak eskainiko dituzte, 19:00etan hasita. Doan da.
Hauek dira zazpi ikus-entzunezkoak:
- Bingqian Gao britainiarraren UnWRECKed lanak Dominika, Grezia eta Indonesiako urpeko irudiak jasotzen ditu eta apnea eta hondoratutako ontzien aztarnak uztartzen ditu.
- Hendrik eta Claudia Schmitten alemaniarren Extinction For a Bowl of Soup filmak marrazo urdinen harrapaketa masiboa dokumentatzen du.
- La belleza que todavia podemos salvar lanak –Jose Ramon Castello Fortet madrildarrarena– itxaropen mezu bat helarazten du Floridako uretan barrena.
- Jorge Martinez Vazquez koruñarraren Dhangethi-Memories from Alif Dhaal ere proiektatuko dute. Maldivetako koraletan murgilduta, «kolore eta bizitza eztanda bat» da antolatzaileen hitzetan.
- Julio Junquera Aparicio cadiztarraren El alga invasora-Rugulopteryx Okamurae filmak Mediterraneoan eta Atlantikoan hedatzen den mehatxu isil bati heltzen dio: ekosistemak eraldatzen dituen eta tokiko biodibertsitatea mehatxatzen duen alga inbaditzailea.
- Un Cuento del mar –El Farandulero tenerifetarrarena– lanak Kanarietan eta Maldivetan egindako zeharkaldi bat kontatzen du.
- Eta amaitzeko, Nuno Sá portugaldarraren The Island of Giants lanak itxiko du saioa; zientzialari eta arrantzale talde baten eta balea marrazo populazio ezezagun baten arteko topaketa azalduko du.













