Zegamako Udalak 2,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an
Aitxuriko gimnasioan edukiera handitzeko lanak egingo dituzte. Herriko euskalkiaren etorkizuna bermatzeko proiektua onduko dute. Egur museoan abatar bidezko erakusketa berri bat jarriko da.
Zegama eta zeraindarren arteko aizkora desafioa Aitxuri herri eskolako gimnasioan, 2023an.Gotzon Aranburu Zegamako Udalak 2.932.947,81 euroko aurrekontua izango du 2026an. Aurrekontu proposamena aho batez onartu zuen udalbatzak abenduaren 17an egindako osoko bilkuran. Iazkoarekin alderatuta, 300.000 euro gehiago da eta inbertsioetarako ia 340.000 euro izango dituzte erabilgarri.
Gastuei dagokienean, pertsonal gastuetara 681.090,71 euro bideratuko dituzte aurten. Soldatak orokorrean gora egingo dute, Udalhitzek ezarritako %2,5eko igoera aplikatuko baitu Zegamako Udalak.
Herriko zerbitzuak
Gastu finkoen atalak eramango du, ohi bezala, aurrekontuaren puska handiena; 1.563.395,85 euro guztira. Xehetasunei begiratuta, Zegama- Aizkorri mendi maratoiarentzat izango da zenbateko handiena, 223.409,05 euro; eguneko zentroaren kudeaketak jarraituta, 220.000 euro. Gizarte arloko beste hainbat zerbitzutara ere bideratuko da zati bat: etxez etxeko laguntzara, 49.000 euro edo tutoretzapeko etxebizitzara beste 20.000 euro, adibidez.
Herriko festa eta bestelako jai egunetarako ere poltsa bat aurreikusi dute: San Bartolome jaietarako, 90.000 euro; Erlezain egunerako, 9.000 euro eta San Martin jaietarako, 25.000 euro, besteren artean.
Udalak herriko elkarte eta eragile, edo eskualde mailako beste hainbat zerbitzuetarako egiten dituen ekarpenentzako 348.829, 81 euro aurreikusi dituzte 2026an. Tartean daude Sasieta Mankomunitateari, Araba eta Gipuzkoako Partzuergoari edo UEMAri egiten dizkiotenak, beste hainbaten artean.
Inbertsio nagusiak
Inbertsioetarako zerbait gehiago geratuko da aurten, 339.531,44 euro guztira. Aurreikusita dauden inbertsio nagusien artean, Anduetza parketxean kokatuta dagoen Egun museoan ikusgai jarriko den erakusketa berri baten proiektua azpimarratu du Iker Zubeldia Zegamako alkateak. «Egurgintzari buruzko erakusketa izango da. Lanbidea bera izango du oinarri eta hortik eratorritako herri kirolak ere aintzat hartuko ditu, saskigintza, ikazkintza etab. ere ahaztu gabe. Abatar bidezko teknologian oinarrituko da eta 12.500 euroko inbertsioa daukagu aurreikusita», zehaztu du.
Bestalde, Zegamako euskalkiaren transmisioa sustatzeko ikasmateriala sortzeko proiektu bat ere badute esku artean, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta (18.150 euro). «Dagoeneko material bilketa eginda daukagu eta orain, forma ematea geratzen da, liburu edo ipuin modura», esan du alkateak.
Obrei dagokienean, Aitxuri herri eskolako gimnasioa erabilera anitzeko eremu bihurtzeko lanak izango dira garrantzitsuenetakoak. 197.943 euroko aurrekontua izango dute lan hauek eta, Hezkuntza saileko diru-laguntza izango dutela aurreratu du Zubeldiak. «Herriko hainbat ekintza gauzatu ahal izateko proiektu garrantzitsua da», esan du. Egun, gimnasioak duen edukiera handituko da; horretarako harmaila erretraktilatu bat jarriko dute, «beharraren arabera, bildu eta zabaldu daitekeen egitura izango da eta 200 pertsonentzako edukiera izango du». Dantza saioak, kontzertuak, antzerki emanaldiak… makina bat saio egiten dituzte urtean zehar. Zegama-Aizkorri mendi maratoiko aurkezpen ekitaldia ere bertan egiten da.
Bestelako esku-hartzeak
Obra txikiagoen artean, Txarape auzoko plazatxoa berrituko dute (40.000 euro); igerilekuan txukuntze lanak egingo dituzte (15.000 euro); haurreskolan zorua aldatuko dute (12.000) eta pilotalekuan, argiztapena berritu eta teilatua konponduko dute (11.108,04 euro), besteak beste.













