Bolariak hasteko prest
Zerainen emango diote hasiera larunbatean, Goierriko 36. Bola txapelketari. Zortzi tiraldi izango dira guztira, eta finala maiatzean jokatuko da Legazpin.
Gipuzkoako Binakako Bola Txapelketa Zeraingo Antonio Alustiza Bolatokian. Ramon Iglesias Zerainen emango dio hasiera larunbat honetan, Goierriko 36. Bola txapelketak. Guztira zortzi tiraldi izango dira eta finala Legazpin jokatuko da aurten, maiatzaren 23an. Garbiñe Alustiza bolari zeraindarrak parte hartuko du txapelketan. «Lehenengoa izanik jende kopuru gehien bilduko duen tiraldia izango da, jendea gogotsu egoten da hasteko», esan du.
Aurreko urteetako parte hartze datuei begiratuta, 40 eta 60 bolari inguru arituko dira txapelketan, hala ere, txapelketak aurrera egin ahala gutxitzen joaten da parte hartzea, «batzuk sailkapenetik erortzen joaten diren neurrian», zehaztu du. Gizonezkoen eta emakumezkoen parte hartzeari dagokionez, aldea nabarmena da, «oraindik ez daukat zehazterik, baina 10etik behera izango gara emakumeak», aurreratudu Alustizak.
Lehenengoa, berezia
Zeraingo tiraldia lehena izanik berezia ere izango da, «zerotik hasiko gara denak, guztiak hasiko gara maila berean, gero hortik aurrera sailkapen bat osatzen joango delako. Alde batetik, presio gutxirekin goaz, baina baita ilusio handiarekin ere», aitortu du. Tiraldiak goizez (10:30) eta arratsaldez (16:30) izango dira.
Goierriko bolariak ez ezik, «Donostia, Zarautz, Hernani, Urnieta, Villabona eta Ibarrakoak» ere hartuko dute parte txapelketan. Tiraldiak Zerainen hasi eta Seguran, otsailaren 7an; Gabirian, otsailaren 21ean; Olaberrin, martxoaren 7an; Zegaman, martxoaren 14an; Mutiloan, apirilaren 18an eta Idiazabalen, maiatzaren 9an izango dira, finalaren aurretik. Orain arte zazpi ziren, baina orain urte bete pasatxo Zegaman sortu den Belatxingak bola taldea batu zaie orain txapelketara; «gogoz dabiltza. Bolatokia ere berritu dute federazioak eskatzen dituen neurri eta baldintzetara», gehitu du Alustizak.
Txapelketa zortzi tiraladietan birla gehien botatzen dituztenek irabaziko dute. Txapelak gizonezkoen, emakumezkoen eta gazteen mailetan banatuko dira. Amaitzeko tiraldiak egingo diren zortzi herrietako udalei eskerrak eman dizkiete, txapelketa antolatzeko ematen duten laguntzagatik.













