Gaztelekua hartuko duen lokala eraberritzen hasiko dira
Unebide Obra y Contratas S.L. enpresari esleitu zaizkio lanak, 265.002,05 euroko aurrekontuarekin. Eraikuntza lanak amaitutakoan zerbitzuaren lizitazioa jarriko dute martxan.
Gaztelekua izango den lokala. L. Goiburu Datorren astean hasiko dituzte Beasaingo Gaztelekua izango den lokala eraberritzeko obrak. Udalak urtarrilaren 26an, astelehenean hastea aurreikusi du. Hamasei asteko iraupena izango dute lanek, eta eraikuntza lanak amaitutakoan zerbitzuaren lizitazioa jarriko dute martxan.
Oriamendi kaleko 4. zenbakian egongo da Gaztelekua, garai bateko CAFeko jubilatuen egoitza izan zen lokalean. Unebide Obra y Contratas S.L. enpresari esleitu zaizkio lanak, 265.002,05 euroko aurrekontuarekin.
Beasaingo 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzenduta, udalaren hitzetan “espazio fisiko erreferente nagusia” izango da martxan jartzen dutenean adin tarte horretako herritarrentzat. “Proiektu honek nerabeen aisialdiari, garapen pertsonalari eta harreman sozialei modu hezitzailean heltzeko beharrari erantzuten dio”.
Espazio-banaketa hau aurreikusi dute: batetik, egongela nagusia sofa gune batekin, ekintzetarako mahai eta aulkiekin eta futbolinarekin, besteak beste; bestetik, sukaldea eta komunak lokalaren erdian; eta azkenik, erabilpen anitzeko espazio irekia bideo emanaldiak, dantza, antzerkia eta ekintza dinamikoak egiteko.
Gazte eta nerabeen artean galdetegia zabaldu zuen udalak, eta hor jasotako erantzunak kontuan hartu ditu espazioen ezaugarriak definitzerakoan. Gaztelekua lokal bat izatetik harago “Nerabeentzako Zerbitzuaren ardatz nagusia” izatea du helburu udalak, “parte hartzea, sormena, berdintasuna eta komunitatearekiko lotura sustatuko dituena”.
Gaztelekua “oposizioarekin egindako lanketaren ondorioz gauzatu” dela eta “oposiziotik egindako ekarpen eta proposamenak txertatu” direla esan du udalak. “Horrek adostasunetik eraikitako proiektu bat dela erakusten du, gazteen ongizatea helburu komun gisa hartuta”.













