Goierriko artisten agurra artearen aterpe izan den tabernari
Beasaingo Aterpe tabernako Txomin Ferreiraren eta Aurora Rodriguezen erretiroa dela eta, omenaldi txikia egin nahi izan diete antolatzaileek, 38 urteetan artearen babesleku gisa egindako «lan nekaezinagatik». Bitan banatu dute aurtengo erakusketa: 34 lan Usurben ikusgai jarrita, eta beste 20 Aterpen.
Aurori Rodriguez eta Txomin Ferreira, Aterpe tabernan. Loinaz Agirre Urtero modura, Goierriko Artisten (Goiart) erakusketa ireki zen iragan abenduan, eta ia hilabete inguru ikusgai egon ondoren, herriaren eskura jarritako 54 artistaren lanak ikusteko azken egunak dituzte goierritarrek. Ostirala izango da horretarako azken eguna. Artearen babesleku izan den Aterpe tabernari omenaldia egin diote aurtengoan, larunbatean itxiko baitute, 38 urteko ibilbideari amaiera emanez.
Usurbe izaten da erakusketaren anfitrioi, baina aurtengoan, Aterpe tabernak ere harrera beroa egin die artistei, eta beste behin, artearekiko duen konpromisoan berretsi da. Erakusketa bateratua egin da bi toki horietan, 34 lan Usurben ikusgai jarrita, eta beste hogei inguru Aterpen. Goierritarren nahiz kanpoko artisten lanak izan dira ikusgai, Jokin Telleria erakusketaren antolatzaileetako baten esanetan «maila altukoak» denak.
38 urteko ibilbidea
Telleriak azaldu du aurtengo edizioa berezia izatea nahi zutela. Eta ez da gutxiagorako. Aterpe tabernako Txomin Ferreiraren eta Aurora Rodriguezen erretiroa dela eta, omenaldi txikia egin nahi izan diete antolatzaileek, 38 urteotan artearen babesleku gisa egin duten «lan nekaezinagatik». Erakusketaren irekiera ekitaldian egin zitzaien aitortza berezia, eta itxierak ere kutsu berezia izango du. Erakusketa jasotzearekin batera amaituko da Aterperen ibilbidea, behin betiko tabernako ateak itxita. Antolatzaileek ziurtatu dute «sorpresaren bat edo beste» izango dela.
Bisitari kopurua ziur kontabilizatzen ez badaki ere, pozik agertu da Telleria erakusketak bi erakustokietan izandako harrerarekin, eta herritarrak galdezka joan zaizkiola gehitu du: «Egia da erakusketa ezohikoa dela, denboraz luzea den arren, egun dezente igarotzen baititu itxita. Hala ere, jendea ibili da, eta Aterpera joateko ohitura duten herritarrak ere hurbildu dira Usurbera».
Artea babestea
Hemendik aurrera ere, Telleriak erakusketak bultzatzen jarraitzera gonbidatu ditu herritarrak: «Museoetan ez ezik, Usurbe eta Aterpe bezalako guneetan ere artea babesteko beharra azpimarratu nahiko nuke, eta bide batez, herriari horretan segitzeko gonbidapena zabaldu. Museoetara joatea ondo dago, baina behetik hastea beharrezkoa da, etxetik, ingurukoen lanetatik. Beharrezkoa da mundu honetan hasi nahi duenari babesa ematea».













