Iraupen luzeko zaintza eredua eraikitzeko dinamika berria, Lazkaon
Hura aurkezteko topaketa irekia egingo dute otsailaren 4an, 17:00etan, udaletxeko bigarren solairuan.
Lazkaoko udaletxea. Elkarlanean iraupen luzeko zaintza eredua eraikitzeko eta gogoeta egiteko ekimen berria martxan jarri du Lazkaoko Udalak: «Bizitzako uneren batean, pertsona guztiok behar ditugu zaintzak, eta zaintzarik gabe ezin da gizarte justu, kohesionatu eta iraunkorrik egon».
Premisa horretatik abiatuta zainketei «ikuspegi komunitario» batetik heltzeko apustua egin du udalak, bizilagunen parte-hartzea eta inplikazioa sustatuta. Hartara, dinamika honek herritarren ikuspegiak txertatzen dituen ikuspegi-aldaketa proposatzen du, eta elkarrizketa kolektiboa sortzen du, datozen urteetarako adostutako ibilbide-orri batean amaituko dena.
Topaketa, aurkezteko
Proiektu berri hau sakonagoan azaltzeko eta herriari begira aurkezteko, topaketa irekia antolatu du udalak datorren otsailaren 4rako. 17:00etarako egin du hitzordua eta udaletxeko bigarren solairuan elkartuko dira interesa duten herritarrak. Ordu eta erdi inguruko iraupena izango du saioak.
Hala, bileran parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute urtarrilaren 19tik 30era bitartean, Lazkaoko webgunean eskuragarri jarri duten estekan izena emanda, a.naldaiz@lazkao.eus helbidera mezua bidalita, 943 08 80 80 telefonora deituta edota aurrez aurre, udaletxera joanda.













