Jarduera fisikoak bizi kalitatean duen eragina aztertzen, 'Matematikaren bila' zikloan
Ostiralean izango da zikloko hirugarren hitzaldia, 19:00etan Beasaingo Igartzako jauregian. Inmaculada Arostegi izango da hizlaria.
Inmaculada Arostegi Matematikan doktorea.Hitza Matematikaren bila zikloa erdialdera iritsi da. Denei matematikaren ikuspuntutik begiratuta, lehenengo hitzaldian zirkuluak eta esferak izan zituen hizpide Pedro J. Mianak, bigarrenean musika eta musika tresnak Osane Oruetxebarriak, eta hirugarrengoan jarduera fisikoaren eta bizi kalitatearen arteko erlazioaz ariko da Inmaculada Arostegi ostiralean, hilak 23, Beasaingo Igartzako jauregian, 19:00etan hasita.
EHUn Matematikan lizentziatua eta doktorea da Arostegi, Bioestatistikan espezializatua Johns Hopkins Unibertsitatean (AEB). Gaur egun EHUko irakasle osoa da, baita asque Center for Applied Mathematics (BCAM) ikerketa zentroko eta Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitaleko kolaboratzailea ere.
Jarduera fisikoak bizi kalitatean eta ongizatean eragin positiboa duela jakina den arren, antolatzaileek azaldu dutenez bi kontzeptu bereiziko ditu hitzaldian: “Ariketa fisikoa egitea ohiturari lotuta dago, gaitasun funtzionala izatea helburu fisikoa lortzeari lotuta dagoen bitartean. Bi kontzeptu horiek bereizi behar dira, erlazionatuta dauden arren. Bien arteko ebakidurak sekulako eragina du gaixo kronikoengan”. Ariketa fisikoa egitea eta egiteko gaitasuna izatea bereiziko ditu pertsona bakoitzaren bizi kalitatea aztertzeko. “Zeinek du eragin gehiago bizi kalitate hobea izatean edo denboran zehar mantentzean? Modelizazio matematikoa aplikatuko dugu galdera honi erantzuna emateko, horretarako biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa duten pertsona talde bat erabiliz”.
Argazki erakusketa eta matematika kalera
Azkena hilaren 30ean izango da; Aniceto Murillo Masek Los fractales nos invaden eskainiko du. Egun horretan ere, XII. Lemniskata Nazioarteko Matematika Argazki Lehiaketako sari banaketa egingo dute, eta argazki aukeratuekin erakusketa jarriko dute ikusgai otsailaren 15era arte. Otsailaren 1ean, aldiz, kalera aterako dute matematika, Beasain, Mateplaza-Matematika kalean ekimenarekin.













