550 lagunek eman dute izena dagoeneko Urolako Trena Maratoian
Mahai-ingurua, entrenamenduak eta ibilbidea ezagutzeko irteera ere antolatu dituzte.
Otsailaren 22an Urolako Trenaren inaugurazioaren mendeurrena izango da. Hori dela eta, herritar talde batek Urolako Trena Maratoia antolatu du. Urolako Trenaren ibilbidean egingo dute, egun bidegorria dena. Lehen edizioan maratoi erdia egingo dute (Zumarragako geltokitik Azpeitiko Trenaren Euskal Museora), baina 2027tik aurrera (Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorria Zumaiaraino luzatzen dutenean) maratoia egiteko asmoa dute. Urolako Trenak arrastoa utzi zuen bailarako herritarren artean eta dagoeneko dagoeneko 550 lagunek eman dute izena. Oraindik ere izena emateko aukera dago, kronoak.com webgunean. Urtarrilaren 25era arte izen-emateak 29 euro balio du. Ondoren, prezioa igoko da.
Maratoi erdiaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Urtarrilaren 28an (asteazkena) Emakumea eta korrika mahaingurua egingo dute. 18:30ean izango da, Zumarragako azokan. Bost emakumek parte hartuko dute: Malen Osa Ansa mendiko korrikalari eta eskiatzaileak, Igone Campos Odriozola nutrizionista eta kirolariak, Uxue Fernandez Lasa EHUko irakasle-ikertzaileak, Igone Aldama Urteaga fisioterapeutak eta Ainhoa Auzmendi Salgado fisioterapeutak.
Emakumeentzako entrenamendu saioak ere antolatu dituzte, korrikalari hasiberri zein trebatuentzat. Datozen lau astelehenetan izango dira: urtarrilaren 26an eta otsailaren 2, 9 eta 16an. 20:00etan elkartuko dira, Txindoki kafetegiko plazan elkartu, korrikaldia egiteko. Maila ezberdinetako taldeak osatuko dira, beharraren arabera. Gutxienez hiru egunetan parte hartzen dutenek, otsailaren 22ko maratoi erdian doan parte hartzeko aukera izango dute. Gainera, urtarrilaren 26ean izango den lehenengo entrenamenduan parte hartzen dutenek opari bat jasoko dute.
Maratoi erdiaren ibilbidea ezagutu eta probatzeko aukera ere izango da. Horretarako, bi saio antolatu dira. Larunbat honetan (hilak 24) Zumarragatik Aizpurutxorako bidea egingo dute (8 kilometro) eta otsailaren 7an Zumarraga eta Azkoitia bitartekoa 14 kilometro. Bi egunetan 08:00etan elkartuko dira, Txindoki kafetegiko plazan. Urolako bide berdean behera erritmo lasaian joango dira eta autobusean itzuliko dira.













