«Lesioek bizitzako beste gauza batzuk estimatzen erakutsi didate»
Gozotik baino gazitik gehiago izan du mendi eskiatzailearen denboraldiak. Lesioak tarteko, Espainiako Kopako bi bertikaletan lehiatu da bakarrik: Espotekoan eta Cerlerkoan. Mendiko lasterketen denboraldia hasiko du orain.
Igone Campos mendiko eskiatzaile eta korrikalaria (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991) nutrizionista lanetan ari da egun. Eguneko lanak amaituta, ohikoa duen irribarrearekin azaldu da. Azken bi urteak gogorrak izan diren arren, hori behintzat ez du galdu. Ogibide berriak lagundu dio horretan. Kirolari eta taldeekin ari da lanean. Gainera, lehiatzen jarraitzeko ilusioz segitzen du.
Nolako denboraldia izan duzu aurtengoa?
Uste eta espero baino sentsazio kaskarragoak izan ditut. Bi bertikaletan baino ez naiz lehiatu. Lehenengoan, azken lau urteetako denborarik okerrena egin nuen, eta sentsazio txarra nuela amaitu nuen. Ez nuen espero hain denbora txarra egitea. Bigarrengoan ere antzera ibili nintzen. Koadrizepsean arazoak ditut aspalditik, eta, ondorioz, ezin izan dut nire onena eman. Azken urtean gorabehera asko izan ditut.
Zer-nolako denboraldia egin nahi zenuen?
Sasoi osoan lehiatu nahi nuen. Altitoyrako probarako, adibidez, banuen bikotekidea. Pierra Mentan ere parte hartzekoa nintzen, baita Tour De Rutorren ere. Baina Tignesen [Frantzia] egin nuen egonaldian konturatu nintzen ezingo nuela. Beheraka hastean, ohartu nintzen ez nengoela lehiatzeko moduan. Erortzeko beldur handia daukat, besoko eta ukalondoko lesioengatik. Jokatutako bi bertikalak jokatuta amaitu dut denboraldia. Udari begira nago jada.
Beldur horren ondorioz erabaki duzu denboraldi honetan gehiago ez lehiatzea?
Bai. Medikuak zera gogorarazten dit aldiro: ezin naizela erori. Horrela eskiatzea oso zaila da. Une oro horretan pentsatzen dut.
Iazkoa ahazteko moduko urtea izan zen. Otsailean hasi zitzaizkizun gauzak okertzen. Nola duzu gogoan?
Hala da. Bandres-Karolo proban humeroa apurtu nuen. Pazientzia handiarekin hartu nuen. Izan ere, Nutrizioko Gradua amaitzen ari nintzen. Hala, denbora gehiago nuen ikasteko. Praktikak ere orduan nituen, eta gradu amaierako proiektua ere martxan jartzen ari nintzen. Beste helduleku batzuk bilatu nituen.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.












