Adinekoen egoitzetako langileak greban
Ordiziako San Jose egoitzak greba mugagabea hasiko du larunbatean. Zumarragako Argixao azaroaren 21etik dago greba mugagabean. Legazpin eta Ordizian elkarretaratzeak egin dituzte.
Ordizian egin duten elkarretaratzea.Loinaz Agirre. Adinekoen egoitzetako langileak kalera atera dira gaur ere, gaur eta bihar greba egunak baitituzte. ELA sindikatuak deituta, Ordiziako San Jose egoitzakoek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, eta Legazpiko Santikutz egoitzakoek arratsaldean egin dute, egoitzaren aurrean.
Hanitze Sudupe ELAko ordezkariak jakinarazi duenez, iazko urtarrilean osatu zen Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako negoziazio mahaia, baina urtebete honetan, “patronalek (Matia, Adegi eta Lares) ez dute sektoreak bizi duen prekarietatea eta soldata arrakala ezabatuko duen proposamenik egin”. Gainera, “foru gobernuak iazko urte bukaeran Podemosekin egindako aurrekontu akordioan lan hitzarmen sektorial bat bultzatzeko konpromisoa hartu bazuen ere, ez dago inongo aurrerapausorik”.
Maiatzetik
Iazko maiatzean mobilizazioak hasi zituztenetik, 14. greba eguna dute gaur, 5.000 langile biltzen dituen sektoreak. Horrez gain, sei egoitza greba mugagabean daude azaroaren 21etik, tartean Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia). Larunbatetik aurrera, zazpigarren egoitza bat gehituko zaio greba mugagabeari: Ordiziako San Jose (Zaintzen). “Pasa den astean burututako asanbladaren ondoren, greba mugagabera gehitzea erabaki dute urtarrilaren 24tik aurrera. Honela, sektoreko gatazka mailak gora egingo du”.
Langileen eskaerak
Langileen aldarrikapenen artean daude, “%100eko lan kontratuak eta soldata arrakalarekin amaitzea”. Izan ere, ELAko ordezkariaren esanetan, “langileen ia erdiak kontratu partzialak ditu eta urtean 10.000 eurotik gorako soldata arrakala pairatzen dute gehien-gehienak emakumeak eta azpikontratatuak diren sektore honetan”.

Legazpiko Santikutz egoitzako langileen elkarretaratzea.Tere Madinabeitia













