Aralarko Natura-Baliabideak Antolatzeko Plana egiteko prozedura hasi du Jaurlaritzak
Urtarrilaren 31ra arte dago alegazioak aurkezteko epea. Landarlan elkarteak salatu du epe motza eman dutela, tartean Gabonak zeudela, eta espainiera hutsean jarri dutela plana jendaurrean.
Esnaurreta, Aralarren.Gipuzkoako Parketxe Sarea Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio energetiko eta Jasangarritasun Saileko Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak Aralarko Natura-Baliabideak Antolatzeko Plana egiteko prozedura hasi du, eta urtarrilaren 31ra arte dago alegazioak aurkezteko epea.
Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendari den Adolfo Uriartek ebazpenean adierazi duenez, Aralarren natura-ondarearen bi eremu babestu daude egun: batetik, naturagune babestua-natura parkea da; eta bestetik, Natura 2000 Sareko naturagune babestua-kontserbazio bereziko eremua da. Eusko Jaurlaritzaren helburua da “kontserbazio bereziko eremuko eta parke naturaleko tipologiak arautzen dituen dokumentu bakarra” izatea.
“Naturagune babestuen kategoria desberdinak gainjartzen direnean, babesaren koherentzia eta kategoria bakoitzari aplikatu beharreko erregimenen arteko koordinazioa bermatzeko, espazio bakoitza erregulatzen duten arauak eta tipologia bakoitzaren plangintza-tresnak dokumentu integratu bakar batean bateratu beharko dira”, azaldu du Uriartek.
Horretarako, arau-mugarrietan egokitzapenak egin behar dituzte bat etor daitezen, eta hasiak dira dekretua tramitatzen plana onartzeko: “Dekretu honen azken helburua, beraz, baliabide naturalak antolatzeko plan bat onartzea da, Aralarko bi gune, parke naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremua erregulatzen dituzten arauak eta dagozkien plangintza-tresnak barne hartuko dituena”. Natura Ondarearen zuzendari Uriartek ebazpenean agertzen duenaren arabera, “egin beharreko garrantzia kontuan hartuta, komenigarria da baliabide naturalak antolatzeko planaren aldaketa hutsa ez egitea, baizik eta baliabide naturalak antolatzeko plan berri bat onartzea Aralar eremurako”.
Dekretua onartzen denean, indargabetuta geratuko da apirilaren 26ko 168/1994 Dekretua, Aralar aldeko Natur Baliabideak Antolatzeko Plana onartzen duena, “bai eta dekretu horretan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere”.
Landarlanen iritziz, “onartezina”
Abenduaren 31n jarri zuen jendaurrean Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak plan berria, eta hilabeteko epea eman zuen herritarrek alegazio eta ekarpenak egiteko. Landarlan Ingurumen Elkartearen iritziz, “onartezina” da horren epe motza eman izana, Gabonak tarteko: “Ez da ulergarria, horrelako plan bat jendaurrean jartzea gabonetan eta horrelako epe motzarekin, Aralarrek gizartean duen garrantzia kontuan izanda, herritar ugari oporretan dagoenean”. Gainera, “harriduraz” jaso dute, “Plan berriaren dokumentazio gehiena espainiera hutsez” dagoelako.
Hori dela eta, kexa erregistratu dute Eusko Jaurlaritzako erregistro elektronikoan, jendaurreko epea geldi dezaten dokumentazioa euskaratu eta hori publiko egin arte. “Halaber, horren berri eman diegu Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamenduari, Aralar Parke Naturalaren arduraduna, eta Enirio-Aralar mankomunitateari, Aralar Parke Naturaleko ia herenaren jabea, gauza bera egiteko eskatuz. Azkenean Arartekoa, Behatokia eta Elebidera jo dugu honen guztiaren berri emanez”.
“Mapa batzuk ere falta” direla gehitu dute, eta horiek erantsi arte alegazio epea geratzeko eskatu du elkarteak. “Gertatutako publiko eginez, espero dugu Eusko Jaurlaritzak lehenbailehen gure eskariei buruzko erantzunak jakinarazi eta betetzea”.
Espezie, zonifikazio, abeltzaintza edota lurzoruen alorretan “datuak falta dituela” eta “natur kontserbazioaren gainetik jarduera ekonomikoak jartzen dituela” salatu du: “Eta horren adibide dira Elutxeta, Arritzaga eta Pagaberako pista asmoak, eta basoetan ere pista berriak, aurrekontu eta guzti. Horregatik Aralarren inguruan aritzen den edozein elkarteri eskatzen diogu alegazioak aurkezteko. Gure elkarteak ere prestatuko ditu eta herritarren eskura jarriko ditu”.










