Irizar e-mobilityren 39 autobus Herbehereetara
Lehenengo aldiz hartuko dute lur herrialde honetan Irizarren autobusek. Brabante eskualdeko hainbat hiritan emango dute zerbitzua.
Irizar kooperatiba ormaiztegiarrak Herbehereetako Arriva Personenvervoer Netherlandsekin hitzartutako kontratuari esker, Europako merkatua irekitzea lortu du, izan ere, lehenengo aldiz egingo ditu Irizarrek autobusak Herberehetara bidaltzeko.
Arriva operadorearekin adostutakoaren arabera, guztira, 39 autobus egingo dizkio Irizarrek, guztiak ie-tram modeloak eta %100 elektrikoak. Horietatik 18 autobus, 12 metroko luzerakoak izango dira, eta gainerako 21 unitateak, 18 metroko artikulatuak. Herberehetako Ekialdeko Brabante eskualdeko Tilburg eta ‘s-Hertogenbosch hirietan emango dute zerbitzua, eta aurreikuspenen arabera, autobusak 2026ko abenduan entregatuko dira.
Jose Antonio Sola, Irizar e-mobilityko Salmenta Orokorreko zuzendaria pozik agertu da lortutako hitzarmenarekin, “eskerrak eman nahi dizkiogu Arrivari, erakutsitako konfiantzagatik. Guretzat eskaera hau oso garrantzitsua da, gure portfolioan beste herrialde bat sartzeko aukera eman digulako, eta zabaltzen eta hedatzen jarraituko dugulako. Autobus berri horiek Ekialdeko Brabante eskualdean zirkulazioan ikusteko irrikan gaude, bai eta hango herritarrek Irizar ie tram berrietan bidaiatzeko esperientzia nola gozatzen duten ikusteko ere”, esan du.
Bestalde, Jan Pieter Been Arriva Netherlandseko Hegoaldeko zuzendariak Irizarren autobusen diseinua eta gaitasunak goraipatu ditu: “Autobus bikain hauekin benetan gustura gaude. Ezin hobeto egokituko baitira Tilburg eta ‘sHertogenbosch hirietako frekuentzia handiko linea jendetsuen beharretara. Argitasun handia, espazio zabala, bizkor sartzeko aukera eta diseinu bereizgarri eta futurista dute”, adierazi du.
Eskaera honekin, Irizar e-mobilityk Beneluxen duen presentzia indartu du, eta merkatu estrategikoa denez, hango beste hiri batzuetan ere bere merkatua hedatzen jarraitzea espero du.










