Lazkaok itxiko du 2026ko azoken egutegia, abenduan
Abenduaren 11tik 13ra ospatuko da; 37. edizioa izango da aurtengoa. Beste zortzi azoka egingo dira Euskal Herrian, Doinuelekin elkarlanean.
Bederatzi azoketako ordezkariak, atzoko prentsaurrekoan. Tartean, horiz, eskuinaldean, Joxepa Madariaga Gerriko elkarteko kidea.Hitza Urteek aurrera egin ahala azokek erabateko sendotasuna irabazi duten Goierrin, ikusi besterik ez dago iragan abenduan Lazkaon, Ataunen eta Seguran egindako liburu eta diskoen azoketan batzea lortutako jende andana. Erreferente bihurtu dira Goierrin euskarazko kultur eskaintza ezagutzeko, baina ez da makala izan orain arte egindako bidea.
Goierriko azoken artean, denetan zaharrena da Lazkaokoa; 36 edizio daramatza bizkarrean, baina hasierako urteetako ilusio bera. Duela ia lau hamarkada bi mahai egokitu zituzten plazako pilotalekuan aurreneko aldiz antolatu zuten azoka hartarako, eta urte luzeetan zehar egindako lanaren ondorioz iritsi dira gaur egungo sendotasuna irabaztera. Orain ere herriko pilotalekua izaten dute elkargune eta Goierriko artista ezberdinen liburu-aurkezpenak, proiektu berrien azalpenak eta liburu zein diskoen salmenta izaten dira nagusi. Bi helburu nagusi ditu ekimenak: batetik, euskarazko sorkuntzak herrira gerturatzea, eta bestetik, plaza bizia sortzea. Bada, aurtengo Lazkaoko liburu eta disko azokak ere badu data berria: abenduaren 11tik 13ra ospatuko da, eta Doinueleren azoka egutegia itxiko du.
Doinuelek berak eman du Lazkaoko dataren berri, asteazken arratsaldean Iruñean egindako prentsaurrekoaren bidez. Euskara hutsezko plazen sarea da, eta urtero-urtero hainbat ekimen egiten ditu Euskal Herriko txoko ezberdinetan, euskara hutsezko liburu eta diskoak plazara ateratzeko eta jendartean ezagutzera emateko, besteak beste: azokak, egitarau bereziak, jardunaldiak… horien guztien arteko sarea da Doinuele. Azoka guztietako ordezkariak elkartu dira, eta 2026ko azoken egutegiaren berri eman dute: Baztangoak zabalduko du egutegia asteburu honetan, eta Oiartzun, Azkoitia, Zarautz, Ziburu, Hernani, Sara eta Oiartzundik igaro ondoren, Lazkaokoak itxiko du, abenduan.
Hiru urtez elkarlanean
2023az geroztik, Euskal Herri mailako azoka guztiak elkartzeaz arduratzen da. Izan ere, orain hiru urteko urtarrilean lotu zitzaion bideari, eta urtetik urtera handitzen segitzeko bokaziok jardun dute etengabe. Aitziber Zapiain elkarteko kideak ere azpimarratu du «beso zabalik» hartuko dutela bilgunearekin bat egin nahi duen egitasmo oro: «Ongi etorriak zarete euskarazko azoken territoriora, bidea elkarrekin egiteko. Elkarlanean ari gara, elkarrekin ikasten, elkarri laguntzen, eta gutako bakoitza indartsuago eta osasuntsuago egiten gaitu Doinuelek».
LIBURU AZOKEN EGUTEGIA
- (H)ilbeltza. Urtarrilaren 19tik 25era, Baztanen.
- Literatura Plazara. Martxoaren 9tik 22ra, Oiartzunen.
- Geure Gelatik, emakumeek idatzitako liburuen azoka. Martxoaren 26tik 28ra, Azkoitian.
- Literaturia. Maiatzaren 29tik 31ra, Zarautzen.
- Ziburuko euskal liburu eta disko azoka. Ekainaren 6an.
- Hernaniko liburu eta disko azoka. Urriaren 3an.
- Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literaturaren azoka. Urriaren 9tik 10era, Saran.
- Hitzen Lihoa. Azaroaren 9tik 15era, Oiartzunen.
- Lazkaoko liburu eta disko azoka. Abenduaren 11tik 13ra.










