Lazkaoko inauterietako entseguetan izena eman daiteke jada
Urtarrilaren 30ean eta otsailaren 6an izango dira entseguak, ikastolaren Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikinean. Datorren ostirala baino lehen eman behar da izena.
Lazkaoko inauteria berreskuratzen.Aimar Maiz Ilusio eta parte-hartze handiaz berreskuratu zuten iaz lazkaotarrek duela 60-70 urte arte udalerrian errotuta zegoen inauterien usadioa, eta behin berreskuratutakoa mantentzeko ahaleginak egitea tokatzen zaie orain. Hori dela eta, aurtengoan ere modu berean ospatuko dituzte inauteri herrikoiak, datorren otsailaren 13an, eta hitzordu berezi hori berriz ere prestatzeko, entsegu irekiak antolatu ditu Oin Arin dantza taldeak herritar ororentzat.
Hurrengo ostiralean hasiko dituzte entseguak, baina dagoeneko zabaldu dute parte-hartzeko izen ematea. Urtarrilaren 30ean eta otsailaren 6an izango dira, arratsaldeko 17:30ean, Lazkaoko Ikastolako Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikinean. Hartara, parte-hartu nahi duten herritarrek lehen entsegua baino lehen izena eman beharko dute, sare sozialetan udalak zabaldutako galdetegian izena emanda edota oinarinlazkao@gmail.com helbidera mezua bidalita.
Adin tarte guztietarako zabalik daude entseguak, eta herritar guztiak inplikatzea zein elkarrekin inauterien jaiaz gozatzea da asmo nagusia.










