Xabi Mujika: Kantabria konkistatu nahi duen pilotu urretxuarra
Xabi Mujika pilotu urretxuarra bigarren postuan sailkatu zen iaz Kantabriako (Espainia) Braulio kopan. Autoan hobekuntzak egin behar ditu eta 2026ko helburua txapelketa hori irabaztea da.
Xabi Mujika pilotu urretxuarrak urte asko daramatza Kantabriako probetan parte hartzen, bertan zaletasun handia dagoelako eta proba onak antolatzen direlako. Iaz bigarren postuan sailkatu zen Braulio kopan arerioek baino auto eskasagoarekin, eta jarraitzaile asko ditu bertan. Denboraldi honetako helburua Braulio kopa irabaztea da.
Mujika anai-arrebak umetatik dira auto eta moto zaleak. «Etxean beti ezagutu ditugu motorrak eta autoak, motorrak batez ere. Gurasoak motorrean ibiltzen ziren, bakoitza berearekin. Lehenengo pausoak Jaizkibeleko igoeran eman nituen», gogoratzen du Egoitzek.
Egoitzek eta Xabik rallyak dituzte gustuko, batez ere. Mayi arreba mendiko lasterketetan egin da ezagun, baina gazteagotan moto lasterketetan parte hartu zuen. Egun, Xabi da lehiatzen jarraitzen duen bakarra. Azken urteetan bere bikotea izan du kopilotu (Miriam Iztueta), baina aurten Igor Velasco legazpiarrarekin arituko da. «Miriamek atseden hartu nahi duela esan dit eta 2026ko denboraldia Igorrekin egingo dut. Laguna dut, aspalditik. Konfiantza dugu eta kopilotu ona da. Duela pare bat urte karrera baterako deitu nion eta orain urte osorako hartu dut», azaldu du.
Ez da harritzekoa Iztueta nekatu izana, asteburu asko pasatzen baitituzte etxetik kanpo. «Kantabriako probetan parte hartzen dugu, batez ere. Braulio kopan parte hartzen dugu. Zergatik Kantabriara? Probak politagoak dira, antolakuntza hobea da, sari onak daude, afizio handiagoa dago…».
Braulio kopak sei proba ditu eta Mujikak guztietan parte hartzen du. Gabiria-Legazpi rallysprintean ere parte hartzen du, noski. Duela bi urte Gabiria-Legazpi proba irabazteko aukera izan zuen, baina zuloan bukatu zuen. Iaz, berriz, bigarren egin zuen Braulio kopan. «Aurten autoa hobetu nahi dugu, kopa irabazteko helburuarekin. Gure autoa (Citroen Saxo) kopako txikiena da. Auto ofizialak daude, potentzia handikoak, Munduko Txapelketan ibilitakoak… Gurea bezalakoak ere badaude, baina hobekuntza asko jasotakoak. Gureak 147 zaldi ditu eta beste batzuek 200 zaldi dituzte. Diru asko gastatu beharra dago autoa horrenbeste hobetzeko. Citroen Saxo autoa betidanik gustatzen zaigu: diru asko gastatu gabe oso azkar joan daiteke eta oso ondo ezagutzen dugu».
Mujikak meritu handia du: Euskal Herritik Kantabriara joan, bertakoak izanik errepideak askoz ere hobeto ezagutzen dituztenen aurka lehiatu, auto hobeak dituztenen aurka lehiatu… Gauza asko aurka dituen arren, iaz Braulio kopa irabazteko zorian izan zen. «Cobreceseko rallya irabazi genuen eta azkeneko probara kopa irabazteko aukerekin iritsi ginen. Azkenean, bigarren postuan sailkatu ginen. Zoritxarrez, urte hasieran matxura asko izan genituen. Arazoak konpondu genituen arte, karrera txarrak egin genituen. Abuztutik aurrera hobeto ibili ginen».
Kantabriako zaleen kuttuna
Kantabriako zaletuek estimu handian dute Xabi Mujika, askoz ere zaldi gehiago dituzten autoen aurka lehiatu ahal izateko asko arriskatzen baitu eta ikuskizun handia eskaintzen baitu. Gainera, Mujika anaiak aspalditik ezagutzen dituzte. Xabiri Mujika el Pequeño deitzen diote.
Aurten kopa irabaztea du helburu. Autoari hobekuntzak egin behar dizkio. Suspentsioak hobetu, adibidez. «Mekanika lan guztia guk egiten dugu. Kirol garestia da. Beste pilotu batzuekin batera elkarte bat sortu dugu, babesleek guri ematen diguten laguntza desgrabatu ahal dezaten. Babesleei eskerrak eman nahi dizkiet (Legauto, Dorri Mekanizatuak, Idegrafik, Egumendi, Mujika Garraioak, Uriarte Asesores eta Euskadi Low Cost) eta gainontzeko enpresak gu babestera animatu. Ea norbait animatzen den».











