Urbiberriko karta eta mugimendu jokoen txapelketako izen-ematea ireki dute
Otsailaren 17tik 19ra jokatuko da. Izen-ematea otsailaren 12ra arte izango da.
Urbiberri zentroko txapelketan kartetan jokatzen.Ariane Vierbücher Urbiberri gizarte zentroko kideak karta eta mugimendu jokoen txapelketa antolatzen hasi dira, eta izena emateko epea ireki dute jada. Otsailaren 17tik 19ra jokatuko da, eta izen-ematea otsailaren 12ra arte egin ahal izango dute parte hartu nahi dutenek, bulegoan, astelehenetik ostegunera 17:00etatik 19:00etara.
Otsailaren 17an musean, txintxonean, briskan eta xakean ariko dira; otsailaren 18an, seietan, tutean eta eskoban; eta otsailaren 19an, botean, igelan eta tokan. Datak, halere, izena eman duten pertsonen kopuruaren arabera aldatu daitezkeela zehaztu dute.
Gutxienez hiru bikotek izena eman behar dute, joko bakoitzean, antolatu ahal izateko, eta pertsona bakoitzak hiru jokotan eman dezake izena, betiere ez badira egun berean jokatzen. Horrez gain, joko batean txapeldun geratzen direnek ezingo dute gainerako jokoetan parte hartu, izena emanda egon arren.










