Deskargako tunela itxiko dute igande eta astelehen gauean
Igandetik astelehenera Bergarako noranzkoan itxiko dute, eta astelehenetik asteartera Beasaingokoan.
Deskargara doan errepidearen irudia.Asier Zaldua Bidegik jakinarazi du Deskargako tunela itxiko dutela igande eta astelehen gauean, ikuskapen lanak egiteko. Gau bakoitzean itxierak noranzko bati eragingo dio: igandetik astelehenerako gauean Bergarako noranzkoan itxiko dute, eta astelehenetik astearterako gauen Beasaingo noranzkoan, bi gauetan 23:00etatik 05:00ak arte.
Foru sozietateak azaldu duenez, itxieraren arrazoia “tunelen segurtasun gutxieneko baldintzen gaineko 2004/54/CE Europako Zuzentarauak ezarritakoa betetzea da, eta beraz, tunelaren ikuskapena egitea, tunelaren segurtasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko”.
Honako alternatibak eskaini ditu: igandetik astelehenerako gauean, Bergarako norabidean, tunelaren aurreko irteera hartu eta GI-2632 errepidetik Deskargako gaina zeharkatzea Antzuolaraino, eta behin Antzuola igarota 19. sarreratik AP-636ra berriro sartzea; eta astelehenetik astearterako gauean, Beasaingo norabidean, Antzuolako 19. irteera erabili, GI-2632 errepidea hartu eta Antzuola zeharkatu ondoren Deskargako gainetik Urretxu eta Zumarraga aurreko biribilgunera iritsi berriro AP-636ra sartzeko.













