Jabetze Eskola jarri du martxan udalak lehen aldiz, hamabi jarduerarekin
Otsailetik ekainera bitartean mota askotako jarduerak eskainiko ditu eskolak. Astelehenean irekiko dute izena emateko epea.
Berdintasun Kontseilua osatzen duten eragileetako batzuk egitaraua aurkezten.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak Jabetze Eskola jarri du martxan lehen aldiz. Feminismoa ardatz hartuta, hamabi jarduera eskainiko ditu eskolak otsailetik ekainera bitartean. Egitasmoaren helburua emakumeen arteko sareak sortzea eta genero berdintasuna sustatzeko espazio seguru eta inklusibo bat eskaintzea da.
Ekimena Berdintasun Kontseiluaren lanari esker antolatu da. Herriko emakume eta talde guztiei irekita dago. Hilabeteko lehen astearteetan biltzen da Oriamendi kaleko 18 behean dagoen lokalean.
Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Jabetze Eskola “askotariko adin, jatorri eta nortasuneko emakumeen errealitatea ikuspegi feminista eta intersekzionaletik aztertzeko gunea” izango da. “Eskaintzaren bidez, parte hartzaileek bizi duten diskriminazioaz kontziente izateko eta beren bizitza pertsonal zein sozialean aktiboki parte hartzeko gaitasuna indartzeko aukera izango dute”.
Prestakuntza ikastaroak, hausnarketarako guneak eta aisialdiko jarduerak biltzen ditu Jabekuntza Eskolaren lehen ekimen horrek. Hauek dira otsailetik ekainera antolatutako jarduerak:
- Wikiemakumeok. Edukiak genero ikuspegitik Wikipedian editatzen ikasteko tailerra. Aittu Elkarteak gidatuta, Aranealden izango da otsailaren 2tik apirilaren 30era. Saioak astelehenetan (17:00-18:30) edo asteazkenetan (10:00-11:30) egingo dira.
- Elikadura menopausian. Amaia Ayerbek zuzenduko du eta menopausia garaian elikadura-estrategia onak kudeatzen ikasiko da. Urbietan izango da otsailaren 6, 13, 20 eta 27an (ostiralak), 17:30etik 19:30era.
- Autodefentsa feminista. Lahia 3.0 taldeak indarkeria matxistei aurre egiteko estrategiak landuko ditu. Udaletxeko sarrerako gelan izango da otsailaren 9an eta 23an (astelehenak), 17:00etatik 19:00etara.
- Envejecer bonito (gazteleraz). Kontxi Lopezek gidatuko du. Adinkeria eta zahartzeari buruzko aurreiritziak ditu ardatz. Otsailaren 11n (asteazkena) 17:00etatik 18:30era izango da udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
- Guraso eskola feminista. Hezkidetza, gurasotasuna, matxismoa eta sexualitatea bezalako gaiak jorratuko dira Lahia 3.0rekin. Udaletxeko sarrerako gelan martxoaren 9an eta 23an, eta apirilaren 13an eta 27an (astelehenak), 17:00etatik 18:30era.
- Luces en sombra – documental y coloquio (gazteleraz). Zaintzaile migratuen errealitatea aztertuko da Bidez Bideren-ekin. Martxoaren 17an (asteartea) 16:30etik 18:00etara udaletxeko sarrerako gelan.
- Kotxearen mantentze lanak. Olatz Egigurenek autoaren oinarrizko zainketak modu praktikoan irakatsiko ditu. Martxoaren 28an (larunbata) 09:30etik 13:30era Erauskin kaleko 19an (Eula zegoen lekuan).
- Irakurle eskola feminista. Iratxe Retolazarekin pentsamendu kritiko-feminista sustatzeko gunea. Saioak apirilaren 22an, maiatzaren 20an eta ekainaren 3an izango dira (asteazkenak), Oriamendi 18 behean.
- Homologación de estudios extranjeros (gazteleraz). Atzerriko ikasketak onartzeko prozesuari buruzko informazio-hitzaldia Bidez Bideren-ekin. Apirilaren 23an (osteguna), 16:30etik 18:00etara udaletxeko sarrerako gelan.
- Biodantza. Ana Zurutuzak gidatutako ikastaroa norbere buruarekin eta besteekin harremantzeko. Urbietan izango da apirilaren 24an, maiatzaren 1, 8 eta 29an, eta ekainaren 5 eta 12an (ostiralak), 17:00etatik 18:30era.
- Irrintzi tailerra. Kultur nortasuna eta ahots-askatasuna lantzeko, Amaia Garcia Uriondok emango du tailerra Batzar Aretoan. Maiatzaren 7an izango da (osteguna) 18:30etik 20:30era.
- Información extranjería (gazteleraz). SOS Arrazakeria taldeak atzerritartasun-zuzenbideari buruzko aholkularitza eskainiko du. Maiatzaren 13an (asteazkena), 17:00etatik 19:00etara, udaletxeko sarrerako gelan.
Astelehenean (urtarrilak 26) irekiko dute izena emateko epea. Interesa dutenek beasain.eus/beasain-parekide estekan eman ahal izango dute izena, baita 943 02 80 50 edo 688 768 608 zenbakietara deituta edota berdintasuna@beasain.eus helbidera idatzita ere.













