Ate irekiak Ispilla kiroldegiko ikastaroetan
Urtarrilaren 26tik 30era, biak barne, Zumarragako Ispilla kiroldegiak ikastaroetako ateak irekiko ditu, herritarrei kirol eskaintza ezagutzeko eta probatzeko aukera emanez. Ekimen honen bidez, udalak jarduera fisikoa eta bizimodu osasungarria sustatu nahi ditu.
Ate irekien astean, besteak beste, goizeko Pilates eta Totalfit talde berriak, gazteentzako eta haurrentzako igeriketa, indoor txirrindularitza, Body Balance, pertsona nagusientzako gimnasia eta Core Stretch probatu ahal izango dira. Horrez gain, plaza libreak dituzten ikastaro guztietan parte hartzeko aukera egongo da. Albistearen behealdean kiroldegiak eskaintzen dituen ikastaro guztien eta haien ordutegien taula ikus daiteke.
Ate irekietako jardunaldietan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da Ispilla kiroldegiko harreran: bertara joanda edo 943 72 49 61 telefonora deituta.
Bestalde, Ispilla kiroldegiak sarbide digitaleko sistema berria jarri du martxan, instalazioetara sartzea errazteko eta zerbitzua modernizatzeko. Aurrerantzean, ez da beharrezkoa izango txartel fisikoa eramatea, mugikorrarekin bakarrik sartu ahal izango baita.
Sarbide digitala eskuratzeko, Nik Patrika Digitala aplikazioa mugikorrean deskargatu eta instalatu behar da, ziurtagiri digitalaren bidez aplikaziora sartu, Ispillako txartel digitala deskargatu eta sarrerako tornuetan QR kodea irakurgailura hurbildu.














