Portugalen hasiko dute denboraldia Aranburuk eta Izagirrek
Figueira Champions Classic lasterketa izango da txirrindulari goierritarren denboraldiko lehendabiziko erronka.
Txirrindulari denboraldia hasi da pixkanaka martxa hartzen eta Cofidis talde frantsesak aste honetan argitaratu du apirilera bitarteko lasterketen egutegia. Alex Aranburu txirrindulari ezkiotarra eta Ion Izagirre ormaiztegiarra dira, besteak beste, denboraldi honetan talde frantziarrarekin arituko diren txirrindularietako batzuk.
Biek ala biek, Portugalen emango diote hasiera denboraldiari, otsailaren 14an Coimbran jokatuko den Figueira Champios Classic lasterketan. 2023an hasi ziren lasterketa antolatzen eta 2024tik UCI Por Series mailan dago.
Hurrengo hitzordua otsailaren 18tik 22ra jokatuko den Ruta del Sol Andaluziako Biran izango dute. Hau da apirilera arte bi txirrindulariak elkarrekin egingo duten lasterketa bakarra, bitartean beste lasterketa batzuetan hartuko baitute parte, bakoitzak bere aldetik, taldeak hala erabakita.
Denboraldi berezia izango da hau Izagirrerentzat, abenduan aurreratu zuenez, 2026ko denboraldia amaitzean txirrindularitza profesionala uzteko erabakia hartua baitu.















