Urtarrilaren 30ean hasiko dira Matxinbentako Santa Ageda jaiak
Mus txapelketa izango da jaietako lehen jarduera. Asteburu hori ekintzaz bete dute, eta lau eguneko etenaren ondoren, Santa Ageda egunarekin bukatuko dira festak.
Iazko mus txapelketako lehenengo eta bigarren sailkatuak, jai batzordeko ordezkariarekin.Jai batzordea Matxinbentako jai batzordeak sare sozialetan zabaldu du aurtengo San Martin Loinazkoaren omenezko Santa Ageda jaietako egitaraua. Urtarrilaren 30ean hasiko dira festak, mus txapelketarekin. Larunbata eta igandea, urtarrilak 31 eta otsailak 1, ekintzaz bete dituzte. Bi egun horiek izango dira festa giroko egunak batez ere, eta lau eguneko etenaren ondoren, otsailaren 5ean (osteguna) Santa Ageda egunarekin amaituko dira festak.
Bertsoak, txistulariak, jan-edana, herri kirolak… izango dituzte auzotarrek. Bertso afarirako erreserba egin behar da 943 88 63 15 zenbakira deituta. Aurten ekimen berri bat antolatu du jai batzordeak: otar baten zozketarako txartelak jarri dituzte salgai, eta otsailaren 1ean egingo dute zozketa. Parte hartu nahi dutenek beheko tabernan erosi behar dituzte txartelak.
Hau da egitaraua:
Urtarrilak 30, ostirala
- 22:00. Mus txapelketa beheko tabernan. Izen-ematea 21:00etatik 21:45era.
Urtarrilak 31, larunbata
- 16:00. Beasaingo erraldoiak eta buruhandiak, Ekaitz konpartsarekin.
- 17:30. Txokolatada.
- 18:00. Julen Magoa. Magia ikuskizuna auzo eskolako lokalean.
- 21:00. Bertso afaria beheko tabernan. Nerea Ibarzabal eta Jon Gurrutxaga bertsolariak, Garixe eta Txino trikitilariek lagunduta.
Otsailak 1, igandea
- 10:30. Beasaingo txistulariak.
- 11:00. Meza.
- Ondoren. Hamaiketakoa eta pilota partidak Beasaingo eta Azpeitiko Ilunpe Pilota elkarteko pilotariekin.
- 12:30. Herri kirolak. Aizkoran, Mikel Larrañaga Unai Etxeberria eta Igoin Pikabearen aurka. Harri-jasotzen, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza. Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuta.
- 17:00. Ardi mozte erakustaldia.
- Ondoren. Festetako otarraren zozketa.
Otsailak 5, osteguna, Santa Ageda eguna
- 11:00. Meza.
- Ondoren. Hamaiketakoa.













