Ampo Ordiziak azken segundoan lortu du garaipena
Santboiana taldeari, aurkari zuzenari, 31-33 irabazi dio Goierriko errugbi taldeak. Sailkapeneko zazpigarren postuan daude goierritarrak.
Ampo Ordiziako jokalari eta zaleak bat eginda, lehen itzuliko azken partidan Santboianari irabazi ondoren, Altamiran.Carlos Mediavilla Partida parekatua jokatu zuten Ohorezko Mailako bi aurkari zuzenek atzo Bartzelonan: Santboianak eta Ampo Ordiziak. Sailkapeneko beheko postuetatik urruntzeko bigarren finala jokatu eta 31-33 irabazi zuen Ampo Ordiziak. Azken jokaldian erabaki zen partida. 76. minutura arte (31-30), bazirudien garaipena kataluniarrentzat izango zela, baina azken jokaldian ordiziarren aldeko zigor golpean lortu zuen garaipena Damian Huberren ostikoarekin (31-33).
Aurreko asteburuan Altamiran Cienciasen aurka irabazita sailkapeneko azken postutik (11.) zazpigarrenera igo da talde goierritarra.
Alain Araña kapitainaren esanetan, azken bi garaipenekin konfiantza berreskuratu du taldeak: «Egia esan ez gentozen dinamika on batetik. Gabonetara iritsi ginen Kopan partidaren bat edo beste irabazita, baina Ligan lehenengo partida, etxean La Vilaren aurkakoa bakarrik irabazita. Buelta eman nahi genion dinamika horri. Talde bezala sinesten genuen eta bagenekien ahal genuela. Bagenekin urteko lehen partida Alcobendasen aurka gogorra izango zela. Galdu egin genuen, baina azkeneko bi partida hauek, bagenekien finalak zirela guretzako, eta lortu dugu bi garaipen hauekin buelta ematea egoerari».
Franco Velarde txiletarrak debutatu egin zuen atzo Amporekin. «Ostiralean etorri zen, entrenamendu bakarra egin eta jokatzeko aukera izan du. Taldea ere osatzen doa».
Bi asteko atsedena
Ohorezko Mailako Liga erregularreko lehen fasea amaitzeko bi partida falta dira: otsailaren 15ean VRACen aurka Altamiran eta otsailaren 1ean Complutense Cisnerosen aurka Madrilen. Bi asteko atsedena «ondo» datorkie ordiziarrei. «Hiru partida hauek oso gogorrak eta fisikoak izan dira. Atzoko partida ere azken momentura arte ez genuen irabazi. Oraintxe bertan, bi aste hauek, Quesosen aurkako partida prestatzeko, errekuperatzeko eta ditugun akats horiek zuzentzeko oso ondo etorriko zaizkigu». Azken partida, Complutenseren aurkakoa jokatu beharko du Madrilen.
Bi partidaren faltan, «kontziente izan behar gara goiko multzoan sartzeko aukera badaukagula, baina behekoan geratzeko ere bai. Quesos-en aurkako partida etxean jokatuko dugu, badakigu gogorra izango dela, lider doalako. Baina bi partida hauek irabazita konfiantzarekin gaude. Badakigu ondo jokatuta zerbait atera dezakegula. Kanpoan, Cisneros daukagu. Aurkari zuzen bat da. Bi taldeak badakigu nola atera behar garen, beste partida gogor bat izango da».
Sailkapeneko lehenengo sei taldeek play offak jokatuko dituzte eta beste bostek jaitsiera. «Lehenengo seietan geratzeak ematen duena da play offetako klasifikazioa eta mailaz jaisteko arriskua kentzen da». Azpiko taldean, berriz, azkeneko biak zuzenean jaitsiko dira, azken hirugarrenak promozioa jokatu beharko du eta beste biak play offetan sartuko dira. «Azken bostetan sartze horretan dena jokatuko da eta oraintxe bertan talde guztiak oso gertu gaude. Oraintxe bertan helburua, ikusita nola dagoen sailkapena, garaipen bat edo bi lortzea, eta ea goiko multzoan sartzeko aukera daukagun».













