Extremadurako gastronomia eta kultura Legazpin beste behin
La Bellota Extremadurar Zentroak antolatuta, txerri hilketaren ondorengo festa ospatu zuten Azokan. Ogi mamiak, txerrikia, ardoa eta musika izan ziren protagonistak.
Extremadurako jatorria duten legazpiarrek herrialde horretako kultura eta ohiturak partekatu dituzte beste behin gainerako herritarrekin. La Bellota Extremadurar Zentroak antolatutako txerri hilketaren ondorengo festak eman zien guztiei horretarako aukera. Atzo goizean ospatu zen kutsu kulturala eta gastronomikoa duen festa hori, Azokan.
Ohi bezala, Extremadurako gastronomia izan zen festaren protagonistetako bat, eta txerrikia eta bi eratara prestatutako ogi mamiak eman zituzten dastatzea, hango ardoarekin batera. Kulturari ere eskaini zioten tarte bat, eta La Bellotako hainbat kidek hainbat abesti eskaini zituzten eguerdi aldera.
Badira urte batzuk txerri hilketaren ondorengo festa hau Legazpin ospatzen dela, eta tokia hartuta du urteroko agendan. Atzokoak, ohi bezala, herritar ugari bildu zituen Azokan.
Hango ohiturak gordetzea eta partekatzea
Aurten 31 urte beteko ditu Extremaduran jatorria duten legazpiarrak elkartzeko asmoz sortu zuten La Bellota Zentro Extremeñoa. San Ignazio auzoko eskola zaharretan du egoitza elkarteak sorreratik, eta hantxe hasten da txerri hilketaren festa, Ana Sanchez lehendakariak eta Manuela Hernandez zuzendaritzako kideak azaldu dutenez. “Garai batean txerria bizirik erosten genuen, eta Muru baserrian hiltzen genuen. Baina orain ezin dugu bizirik ekarri, eta hilda erosten dugu. Hala ere, lehen bezala, guk zatitzen dugu, eta txorizoa eta odolkiak egiten ditugu, hango erara”.
Ana Sanchez Badajozeko El Valle de la Serena herrikoa da, eta 14 urte dituenetik bizi da Euskal Herrian, ia 65 urte. “Familia osoa etorri ginen. Hasieran Urretxun egon ginen bizitzen urte pare bat, eta gero Legazpira etorri ginen”. Ordutik bizi da Legazpin, eta urte asko badira ere, ez du ahaztu bere jatorria, antzeko bidaia egin zuten beste herrikide askok bezala. Horregatik sortu zuten La Bellota.
Zentroak aukera ematen die hango ohiturak gordetzeko, eta ahal den guztietan, legazpiar guztiekin partekatzeko. Txerri hilketaren ondorengo festaz gain, kultur astea antolatzen dute urtero, meza berezia ere ospatzen dute parrokian Extremadurako doinuekin, eta iaz, Euskal Herriko zentroen gabon kanta eta dantza jaialdia Legazpira ekarri zuten. La Bellota oso zentro aktiboa da hango kulturaren zabalkundean, eta horregatik aitortza egin zion iaz Extremadurako Juntak.
Sanchezek azaldu duenez, azkenaldian gazte asko sartu da elkartean, “baina gazteen artean ez daude hain zabalduta belaunaldi zaharragook gogoratzen ditugun ohiturak, eta gure erronka da transmisioa egitea eta bermatzea”.














